Lanegun arrunta da Eskozian; ez dirudi erreferendum eguna denik. Euskal Herrian ez bezala, Eskozian ez dago atseden egunik; dena den, ohiko egun bat dela dirudi. Hala kontatu du eguerdian Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak handik:
(Martxelo Otamendi #Eskozia-tik) Lanegun arrunta da gaur Eskozian, eta bozkalekuetako eremutik kanpo ez dago aktibitaterik
— Berria.eus (@berria) September 18, 2014
Zergatik aukeratu dute, bada, lanegun bat bozketa egunerako? Hona hemen azalpena:
(Martxelo Otamendi #Eskozia-tik) Zergatik lanegunean bozkatu? Erlijioa protestantate batzuk debekatu egiten dute aktibitate oro igandeetan
— Berria.eus (@berria) September 18, 2014
Arratsaldetik aurrera, ordea, mugimendu gehiago nabaritu da kaleetan. Trikipoteoa antolatu dute hainbat euskaldunek; trikitia gaitarengatik ordezkatu dute.
Bozkalekuak 22:00etan itxiko dituzte —Euskal Herrian 23:00ak direnean—, eta botoen kontaketak luze joko du. 02:00etan emaitzen aurrerapen txiki bat espero da, 05:00etan aurrerapen handi bat, eta 06:00etan kontaketa osoa. Ohiko egun bat dirudien arren, Euskal Herriko ohi baino lagun gehiago elkartu dira Eskozian, izan eragile nahiz kazetari:
(Martxelo Otamendi #Eskozia-tik) Ordezkaritza handia etorri da Euskal Herritik, Eusko Jaurlaritza, Udalbiltza, Sortu, Aralar...
— Berria.eus (@berria) September 18, 2014
(Martxelo Otamendi #Eskozia-tik) Kazetari ezagun asko ere bai. Samara Velte (BERRIA), Inaki Soto (GARA), Maite Artola (Euskadi Irratia)
— Berria.eus (@berria) September 18, 2014
Erreferendum eguna bertatik bertara bizitzera joan dira batzuk; beste batzuek, berriz, bozkatzeko aukera izango dute. Lothiars Chambers bozkalekuan izan diren bi euskal herritarren hitzak jaso ditu Efe berri agentziak. "Espero dugu baiezkoa gailentzea", azaldu du batek. Besteak, aldiz, onartu du "inbidiaz" begiratzen diotela Eskoziako prozesuari.
Euskaldunek ez ezik, Eskozian bizi diren hainbat katalanek ere izan dute botoa emateko aukera; Arnau Padrok eta Queralt Badiak, kasurako. 27 urte ditu batak, eta 26 besteak; Bages eskualdekoak dira, eta Eskozian bizi dira egun. Leith auzoko Brunswick Road bozkalekuan eman dute botoa; biek baiezkoa. Haien ustetan, herrialdearentzat "hobea" izango da bere baliabide propioak kudeatu ahal izatea. Dena den, baiezkoa edo ezezkoa izan, "Europako antzeko prozesuetarako ariketa demokratikoaren adibide" izango dela iritzi diote, Eferi kontatu diotenez.
Eskoziarrak bozkalekuetan
Parte hartze datuak bihar ezagutuko diren arren, zenbatekoa altua izatea espero da. Jende ugari bildu da bozkalekuetan, independentziaren aldeko nahiz aurkako.
Ezezko botoa eman du Kurt McInnesek, 49 urteko tren gidariak. Efe berri agentziari azaldu dionez, independentziarekin "30 urte atzera" egingo luke Eskoziak. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren Alderdi Kontserbadorea babesten du.
49 urteko Linda Somervillek, berriz, alde egin du. Haren arabera, "demokraziaren festa bat" da erreferenduma, eta "nazionalismotik haratago" doa: "Ni ez naiz nazionalista, baina independentziaren alde bozkatu dut, bidezkoagoa izango den gizarte bat sortzeko aukera emango digulako".