Mohamed Bouazizi izena zuen, tunisiarra zen, 26 urte zeuzkan eta langabezian zegoen, goi-mailako ikasketak eduki arren. Bere familiari laguntzeko kalera jo behar izan zuen barazkiak-eta saltzera, baina Poliziak barazkiak eta bestelako elikagaiak kendu egin zizkion behin, horiek saltzeko baimenik ez zuela egotzita. Bouaziziri hura "gehiegikeria administratiboa" iruditu zitzaion, eta abenduaren 16an gasolinarekin bere buruari su eman zion. Oso larri egon da harrezkero, eta gaur hil egin da.
Sidi Bouzid eskualdean izan zen gertaera, eta Ben Arousko erietxean egon da egun hauetan hura, Tunisiako hiriburuaren inguruetan. Zine el Abidine Ben Ali herrialdeko presidenteak bisita egin zion abenduaren 28an.
Tunisian protesta ekintza ugari izan da, eta haietako batean -abenduaren 24an-, hainbat gaztek Poliziaren egoitza bati eraso egindakoan, lau polizia hil ziren.
Politika arloan ere izan du eragina Bouaziziren ekintzak. Zine el Abidine Ben Alik gobernuan aldaketak egin ditu azken asteetan, eta lana sortzeko asmoz neurriak hartu ditu. Oposizioari ez zaizkio egokiak iruditu horiek, eta "trantsizio politikoa" behar dela aldarrikatu du.
tunisia
Lanik barik lehen, bizirik gabe orain
"Tunisiako gehiegikeria administratiboak" salatzeko abenduaren 16an bere buruari su eman zion gazte langabea hil egin da. Poliziak debekatu egin zion kalean barazkiak-eta saltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu