Politikarako urratsa «independentziaren aldeko indar guztiak batzeko» eman zuela esan zuen bere garaian Joan Laportak, SI Solidaritat Catalana per la Independencia koalizioko orain arteko buruak. Lelo horrekin, ERCk Bartzelonako udal hauteskundeetan batera lehiatzea egin zien proposamena haintzat hartzeko eskatu zuen. Baina SIk bere kasa aurkeztea erabaki duenez, koaliziotik aldentzea erabaki du Laportak.
Atzo hitzordua zuten SI koalizioko alderdietako buruek hauteskundeetako estrategia zehazteko. Baina Laportak huts egin zuen zitara.Maiatzeko udal hauteskundeetan, Bartzelonarako, «independentisten koalizio handi bat» egiteko eskaria bete ez dutelako koaliziotik aldentzea erabaki duela jakinarazi zien koaliziokideei ohar baten bidez. ERCn zerrendatan aurkeztea negoziatzen ari da, orain.
Laportaren erabakia kolpe handia izan da koalizioaren etorkizunerako. Izan ere, barne krisia legebiltzarrera zabaldu daitekeela uste dute. Asteartean bilduko dira SI osatzen duten alderdietako ordezkariak erabaki bat hartzeko. SItik irtetea eskatu diezaiokete Laportari, gainontzeko alderdiek —Verds-Alternativa Verda, Partit Republica Catala, PSAN, Catalunya Nacio Independencia eta Solidaritat per la Independencia— gehiengoa baitute. Diputatu akta uzteko erabakia, aldiz, Laportaren esku dago, soilik. Iazko urriko hauteskundetan lau eserleku lortu zituen SIk Kataluniako legebiltzarrean. Horietako bat Laportaren Democracia Catalanaren esku dago. Gainontzekoak koalizioari izena ematen dion alderdiaren esku daude.
ERCk tokia egingo dio
Uriel Bertran koalizioko idazkari nagusiak SIren proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela adierazi du, Laportaren erabakiari indarra kendu nahirik. Alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko borrokari eutsi nahi diote. «Laporta proiektu independentistatik aldendu da, eta independentziaren lege proiektu bat burutu ez duen beste proiektu batera joatea erabaki du», azaldu du SIko idazkari nagusiak, ERC alderdiari erreferentzia eginez.
Laportaren oharraren berri izan aurretik, hain zuzen ere, ERCn baitan Bartzelona futbol taldeko presidente ohiari toki bat egingo diotela iragarri dute. Bartzelonako ERC eta Reagrupament koalizioko hautagaiak, Jordi Portabellak, Laportari zinegotzi izateko toki bat bermatzen diola adierazi baitu.
Laportak Solidaritat alderdia bazter utzi du eta ERCkin negoziatzen ari da
Erabakiak kinka larrian utzi du koalizioaren etorkizuna; barne krisia legebiltzarrera zabaldu daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu