Katalunia

«2017ko urria historiako unerik beltzenetako bat izan zen»

155. artikuluaren ezarpenari buruzko ikerketa batzordean deklaratuko dute Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, Lluis Puig kontseilari ohiak eta Mireia Boya CUPeko diputatu izandakoak.

Carles Puigdemont, Bruselan, atzo, bere aurkako euroaginduari buruz deklaratu aurretik. STEPHANIE LECOCQ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 4a
14:30
Entzun

Joan den astean, preso dauden politikari katalanek deklaratu zuten Kataluniako Parlamentuko 155. artikuluari buruzko ikerketa batzordean. Gaur, berriz, erbestean dauden buruzagi subiranisten txanda izan da. Bideokonferentzia bidez deklaratuko dute Carles Puigdemont buruzagi kargugabetuak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, Lluis Puig kontseilari ohiak eta Mireia Boya CUPeko diputatu izandakoak. Clara Ponsati kontseilari ohia ere gaur zen deklaratzekoa, baina atzeratu egin dute haren agerraldia.

Puigdemont izan da hitza hartzen lehena; Europako Parlamentutik erantzun ditu batzordearen galderak. Presidente kargugabetuak salatu du 2017ko urrian gertatutakoa «historiako unerik beltzenetako bat» izan zela. «Askok hemen ikusi nahi ez ninduketen arren, gizon askea naiz, eta hala hitz egingo dut batzorde honetan. Hortaz, esan dezaket urri hartan Espainia garai ilunetara itzuli zela».

Ordu hartan, Alderdi Popularreko Mariano Rajoy zegoen presidente karguan, eta 155. artikulua ezarri zuen sozialisten babesarekin; bada, hori «estatu kolpe bat» izan zela gaitzetsi du Puigdemontek, eta gogorarazi egun Espainiako Kongresuan esertzen direla haren zeharkako eta zuzeneko erantzuleak. «Mendeku bat izan zen. Ez independentisten aurka, zazpi milioi katalanen aurka baizik».

Puigdemontek adierazi du 155.a ezartzeko erabakia «aurrez» hartu zela, eta zehaztu du «garai berrietako estatu kolpe baten antolaketa» izan zuela: «Konstituzioak berak baimentzen duen muga gainditzea erabaki zuen Espainiak». Buruzagi subiranistak gogorarazi du konstituzioa idatzi zenean argi utzi zutela 155. artikuluaren helburua ez zela gobernuak kargugabetzea edo parlamentuak desegitea: «Artikulu horrek ez ditu botere mugagabeak ematen».

«Ez zen elkarrizketa ahaleginik egin, nahiz eta araudiak argi utzi artikulu hori ezarri aurretik oinarrizkoak direla negoziazioak. Aurrez erabakita zegoen». Puigdemontek ohartarazi du oker daudela 155.a berriz ezartzeko eskatzen dutenak, eta «xenofoboa» dela inoren aurka egitea Katalunian bizitze hutsagatik. Azaldu du hauteskundeetara deitzea erabaki zuela jazarpena etetearen, Espainiako Polizia Kataluniatik joatearen eta zigor ekonomikoak kentzearen truke. «Baina Rajoyren gobernuak ez zuen eskatutako berme bakar bat ere eman, eta, egoera horretan, independentzia aldarrikatzea zen irtenbide bakarra».

ERCko idazkari nagusi Marta Rovira ere bat etorri da Puigdemontekin, eta nabarmendu du 155.a Senatuan presaz tramitatu izana «Konstituzioaren aurkakoa» izan zela.  «155. artikuluak Espainiaren esku utzi zituen erkidegoarenak ziren eskumenak, eta hori Konstituzioaren aurkakoa da». Roviraren esanetan, gertatutakoak argi uzten du trantsizioa ez zela egiazkoa izan: «Mezua argia izan zen: edo Konstituzioa gure irakurketaren arabera betetzen duzue, edo zuen aurkako neurriak hartuko ditugu».

Garaipen eguna

Mireia Boyak, CUPeko diputatu izandakoak, adierazi du erreferenduma egin izana garaipentzat jo behar dela. Alabaina, era berean, kritikatu egin du hainbat adituk osatutako batzordeak urriko mobilizazioak bertan behera uzteko eskatu izana: «Ez zuten asmatu herria bideratzen. Bagenuen aurrera egiteko aukerarik desobedientziaren bidetik. Indarkeria ez da inoiz jasaten dutenen errua, eragiten dutenena baizik».

Ordu hartan Parlamentuak izandako jarrera ere salatu du Boyak, eta nabarmendu du egoerak bere horretan jarraitzen duela urriaren 1etik bi urtera. «Ez daukagu estrategia partekaturik eta, horrek ahul uzten gaitu estatuarekin negoziatzeko orduan. Herriaren indarra berreskuratzeak behar du orain gure helburua. Ezin dugu gehiago eskatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.