«Atxiloketa irregularra» eta «Espainiaren obsesioa» salatu dituzte Katalunian

Kataluniako Generalitateak gogoratu du Puigdemont Europako legebiltzarkidea dela, eta Espainiak emaniko euroagindua bertan behera dagoela.

Milaka pertsona elkartu dira goizetik Italiak Bartzelonan duen kontsulatuan, Puigdemonten atxiloketarengatik protesta egiteko. QUIQUE GARCIA / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 24a
08:46
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren atxiloketak erreakzio katea eragin du Katalunian eta nazioartean.

Oriol Junqueras ERC alderdiko buruak «sostengu osoa, presidente» adierazi du sare sozialetan zabalduriko mezu batean. «Formula bakarra dago estatuaren etengabeko errepresioa geratzeko: amnistia, autodeterminazioa eta independentzia».

Kataluniako Legebiltzarreko presidente eta JxC Junts per Catalunyako eledun Laurra Borrasek adierazi du Espainia Puigdemontekin «obsesionaturik» dagoela, «agerian uzten dituelako haien lotsari demokratikoak. Edozein bitarteko ontzat ematen du hura atxilotu ahal izateko. Tartean Europako Justizia Auzitegiaren aurreko gezurrak».

Haserre, oso haserre hitz egin du JxCren parlamentuko presidente Albert Batetek ere, eta Espainiari egotzi dio Europako Justizia Auzitegia engainatzea: «Espainiako justiziaren estandarrak nabarmen geratu dira beste behin. Nola liteke uztailaren 30ean argitaratutako ebazpen batean oso argi iuztea Espainiak erretiratu egin zituela euroaginduak, eta oran Auzitegi Gorenak esatea gauzak horrela direla? Nork agintzen du Espainian?».

ANC Biltzar Nazional Katalanak deituta Italiak Bartzelonan duen enbaxadaren parean bildutakoen artean izan da Omniumeko presidente Jordi Cuixart, eta gogor gaitzetsi du atxiloketa. «Ez dugu ahaztu behar eurodiputatua dela Puigdemont, eta hautetsontzi batzuk jartzeagatik eman duela Espainiak haren aurkako atxilotze agindua. Europaren bihotzean dago orain, erbesteratua eta mugitzeko askatasunik gabe. Horregatik gaude hemen, Via Laietanan, ezin diogulako uko egin protesta egiteko eskubideari, eta are gutxiago autodeterminazio eskubideari».

Kataluniako Gobernuak berak nabarmendu du Puigdemonten atxiloketa «irregularra» dela. Maria Victoria Alsina Generalitateko atzerriko ekintzako kontseilariak adierazi duenez, Puigdemontek immunitatea dauka eurodiputatua delako, eta Espainiako Auzitegi Nagusiaren euroaginduak bertan behera daudelako. Erroman da Alsina. «Denok gogoratzen dugu Alemania, eta ziur gaude Italiak berdin jokatuko duela».

Kataluniako Gobernuak Bruselan duen ordezkaritzak dei egin dio David Sassoli Europako Legebiltzarreko presidenteari Puigdemonten eskubideak defenda ditzan. Gorka Knörr ordezkariak esan du lanean ari dela hari eskaera formala helarazteko. «Europako auzitegi batek bidaiatzeko immunitatea ez badio kendu eta esan badu gure eurodiputatuak ezin direla atxilotu, legez kanpoko atxiloketa da».

Protesta Sardinian bertan

Sardiniako independentistek bilkura egin dute Sassariko (Sardinia) auzitegiaren aurrean, atxiloketaz protesta egiteko. Indipendentzia Repubblica de Sardinia taldeko Simone Mauluk salatu du Espainiako Estatuak atxilotzeko agindua eman duela «Europako Legebiltzarrari esan gabe». Europako legebiltzarrari eskatu diote berriz immunitatea emateko eurodiputatu katalanei.

Puigdemontekin zer egingo duten argitu arte jarraituko dute protestan, azaldu dutenez, eta L'Alguerko (Sardinia) nazioarteko folklorerako bidean diren 800 katalan ingururi bilkurarekin bat egiteko deia egin diete.

Jendetza Bartzelonan

ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak protestara deitu du gaur goizerako, Italiak Bartzelonan duen kontsulatuaren aurrean. Milaka pertsona biltzen hasi dira goizean goizetik; tartean dira alderdietako eta hainbat gizarte erakundetako ordezkariak. Mossoek, ordea, galarazi egin diete kontsulatuaren aurrean biltzea, eta Diagonal etorbidean egin dute azkenean.

Besteak beste, Pilar Rahola ERCko politikari ohia eta kazetaria egon da bilkuran. Italiako partisano antifaxisten Bella ciao kanta abestu du han.

Pere Aragones Generalitateko presidenteak kontseilari guztiak bilduko ditu 12:00etan, gobernuaren egoitzan, Puigdemonten atxiloketaz hitz egiteko.

Kataluniako Independentziaren Aldeko Udalen Elkarteak bilkuretara deitu du 20:00etarako, Puigdemont aska dezaten eskatzeko, udaletxeen aurrean.

Generalitateko presidenteorde Jordi Puignerok iradoki du atxiloketak zelako eragina eduki dezakeen Kataluniako eta Espainiako agintarien artean sorturiko negoziazio mahaian: «Ohartarazi genuen ez genuela sinesten elkarrizketa mahaian, eta denborak arrazoia eman digu». Puigdemont berehala libre uzteko eskatu du. «Europak ezin ditu preso politikoak eduki».

Puigdemont eta Juan Carlos Borboikoa

Espainiako Gobernutik, Margarita Robles Defentsa ministroaren hitzak heldu dira. «Espainiako Gobernuak ulertzen du edozein herritarrek egon behar duela auzitegien esku, eta inork ezin diola izkin egin justiziaren ekintzari. Denontzat balio du, salbuespenik gabe».

ERCk Espainiako Kongresuan duen eledunak, Gabriel Rufianek, Puigdemonten eta Juan Carlos Borboikoaren egoerak erkatu ditu txio batean. «Errege lapurrak ihes eginda Abu Dhabin, eta hautaturiko presidenteak atxilotuta Sardinian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.