Libano

«Bizi zantzuak» atzeman dituzte Beiruteko eraikin bateko hondakinen artean, leherketa izan eta hilabetera

Haur bat izan daitekeen ustea du Txileko erreskate talde batek. Haren bihotz taupadak eta arnasketa zantzuak detektatu dituzte eskaner baten bitartez.

Txileko erreskate talde bat bilaketa lanak egiten, Beiruten, Libanon. WAEL HAMZEH / EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 4a
12:55
Entzun

Txileko erreskate talde batek aditzera eman du «bizi zantzuak» atzeman dituela duela hilabete Beiruten jazo zen leherketagatik erori zen eraikin bateko hondakinen azpian. Erreskate taldeko kide batek Al Jazzera hedabideari esan dionez, eskaneatzeko erabiltzen duten makina baten bitartez bihotz taupaden eta arnasketaren —hemezortzi arnasaldi minutuko— zantzuak detektatu dituzte eraikineko beheko solairuan. Dena den, zuhur jokatzen ari dira. «Itxaropen txikiaizan nahi ditugu. Baten bat erreskatatuko bagenu, miraria izango litzateke».

Atzo hasi zuten erreskatea, baina iluntzerako bertan behera utzi zituzten lanak, garabirik ez zutelako eta eraikin osoa erortzeko beldur zirelako. Hala eta guztiz ere, inguruan zeuden zenbait herritarrek euren gain hartu zituzten  erreskate lanak, eta bilaketari berrekin zioten. Handik gutxira batu zen Txileko erreskate taldea bilaketa horretara. Halako batean, taldeko zakurrak hondakinen artean pertsona bat bizirik zegoen seinalea eman zuen. Orduan, erreskate taldeak eskanerra erabili zuen hondakinen azpian zegoen pertsona bizirik ote zegoen jakiteko. Baieztapenaren ondoren, zulaketa lanei ekin diete. Bestalde, hondakin horien artean gorpu bat ere topatu dutela jakinarazi dute.

Leherketa ikusgarri batek dardarka jarri zuen Beirut abuztuaren 4an. Libanoko hiriburuko portuko lehergailu biltegi batek su hartu, eta horrek eragindako leherketa hainbat kilometrora ere sumatu zuten. Gutxienez 200 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiago eragin zituen. Hilabete geroago, Libanoko armadak jakinarazi du 4,35 tona nitrato amoniako aurkitu dituela portuko sarreratik gertu. Ikerketa zabaldu dute inguruan substantzia kimiko arriskutsu gehiago ote dagoen jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.