Espainiako Gobernuak bihar emango die indultua preso dauden buruzagi katalanei. Hala iragarri du gaur Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, Bartzelonako Lizeoan egin duen ekitaldian; «berriz bat egiteko» duen proiektua aurkeztu du han, baina oraindik bide luzea egin beharko du Madrilek helburu horretara iristeko. Izan ere, erabakiak kritika mordoa eragin ditu alde bietan.
Ekitaldian 300 lagun inguru bildu dira; tartean, erakundeetako ordezkariak, alderdi politikoetakoak, enpresariak eta sindikatuetako kideak. Besteak beste, han ziren Sanchezi babesa erakusten Ada Colau Bartzelonako alkatea, Teresa Cunillera Espainiako Gobernuaren ordezkaria Katalunian eta PSCko hainbat alkate. Joateari uko egin dioten artean daude, berriz, Pere Aragones Kataluniako presidentea, Laura Borras parlamentuko presidentea eta PP, Ciudadanos eta Vox alderdietako kideak.
Erreakzio andana eragin ditu albisteak. Katalunian, alderdi independentistek «antzerkia eta propaganda» egitea egotzi diote Sanchezi. Aragonesek, adibidez, gogor kritikatu du Sanchezen erabakia. Gatazka «demokraziarekin soilik» konponduko dela esan du, eta gatazka epaitegietatik atera behar dela eskatu: «Indultuek arazoaren zati txiki bat soilik konpontzen dute, eta errepresioa amaiarazteko bide bakarra amnistia da», gehitu du. Horretaz gain, gogorarazi du euren proposamena independentzia erreferendum bat dela, eta erantsi du indultuena negoziazio mahaira itzultzeko lehen pausoa izatea nahi duela.
CUPek ere indultuak gaitzetsi ditu, eta amnistia osoa galdegin dio Sanchezi: «Ez dugu euren barkamenik nahi, askatasuna nahi dugu», adierazi du Edgar Fernandez bozeramaileak. Sanchezi argi utzi diote Katalunian ez dela ongi etorria, «oraindik ere arazoaren parte delako, eta ez konponbidearena». Horregatik, gutxiengoen programa adosteko orduan, ezinbestekotzat jo du erreferendum bat adostea, eta gehitu du ez dutela amore emango: «Errepresioa ez zen independentzia prozesuarekin hasi, eta ez da indultuekin amaituko; errepresioak banandu egin nahi gaitu».
Juntseko Elsa Artadik ere hitz egin du erabakiaz: «Benetako edukirik gabeko diskurtso bat helarazi du Sanchezek. Indultuak konponbidea direla sinetsarazi nahi digute, baina ez dute gatazka konponduko; gatazka benetakoa da Kataluniako gizartearen gehiengoak autodeterminazioa nahi duelako», hasi du agerraldia bozeramaileak. Errepresioa amaiarazteko eskatu dio Madrili, eta Europako Auzitegien erabakiak kontuan hartzetik hasteko. «Ez gaituzte engainatuko; Sanchezek benetako proposamenen bat baldin badu, etor dadila Kataluniako Parlamentura», gehitu du.
«Erabakiak estatuaren oinarriei eragingo die»
Espainiako alderdie nagusietako ordezkariek ere hitz egin dute jada. Pablo Casado PPko buruak, adibidez, gogor hitz egin du, esan du Espainiaren historiako gobernurik suntsitzaileena dela Sanchezena, eta gehitu du erabakiak estatuaren oinarriak zalantzan jarriko dituela: «Sistemaren aurka altxatzea argudio bat da Katalunian, eta ezin da onartu hori. Gobernua estatua suntsitzen ari da». Esan du Kataluniarekiko harremana konpontzearen alde dagoela, baina, betiere, legea eta Espainiako Konstituzioa errespetatuta.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruak, berriz, esan du indultuek Sanchezen ahultasuna erakusten dutela, «baina ez Espainiarena»: «Ez nahastu Espainiako demokrazia Espainiako Gobernuarekin; gu ez gara kolpisten aurrean belaunikatuko». Antzeko hitzak erabili ditu Jorge Buxade Voxen bozeramaileak: «Sanchez separatisten aurrean belaunikatu da, eta batek burua jaisten duenean, normala da kaskarreko bat jasotzea».
Erabakia txalotu duenik ere izan da Espainian, adibidez, Yolanda Diaz Espainiako presidenteordea. Hark esan duenez, erabaki «erabakigarria eta ausarta» hartu du gobernuak: «Indultuak banatutako herrialde bat eraikitzeko lehen pausua dira». Unidas Podemoseko beste hainbat buruk ere txalotu dute erabakia, hala nola Irene Monterok, Pablo Etxenikek eta Ione Belarrak. Azken horrek esan du «normalkuntza politikorako» urrats bat direla indultuak, eta Katalunia eta Espainiaren artean hainbat urtetan egon den blokeoa gainditzen lagunduko dutela: «Epaitegiak atzean utzi eta politika egiteko ordua da», gehitu du.
Lizeoan ere, protestak
Lizeotik irtetean ere ehunka pertsonak txistu egin diote Sanchezi, «independentzia», «kanpora» edo «presoak askatu» zioten oihuen artean. Ekitaldian ere eten dute Sanchezen hitzaldia, independentziaren eta amnistiaren aldeko aldarriak egiteko, eta Mossoek bi lagun identifikatu dituzte. Arranen bandera bat zeramaten.
Jordi Cuixart buru duen Omniumem, berriz, sei metroko pankarta bat zabaldu du, Sanchezi gogorarazteko «gatazka amaitzeko bide bakarra dela errepresioa bukatzea, presoei amnistia osoa ematea eta Katalunia independentea izatea».