MUNDUA

Larrialdi egoera ezarri du Egiptoko Gobernuak, hilabeterako

Gutxienez 200 dira hildakoak eta milaka zaurituak Egipton, Anaia Musulmanen arabera, armadak Rabea al-Adauiya eta Nahda plazetako kanpalekuak desegitearen ondorioz. Osasun Ministerioak 95 hildako eta 874 zauritu zenbatu ditu. Uztailaren 3az geroztik daude Mohamed Mursi kargugabetutako presidentearen jarraitzaileak kanpalekuetan, protestan. Bideoa: Egiptoko ONtv telebista katea, zuzenean. [YouTube]http://www.youtube.com/user/ONtveg?v=aHYQCUgAlpQ[/YouTube]

2013ko abuztuaren 14a
12:04
Entzun

Larrialdi egoera ezarri du Egiptoko behin-behineko gobernuak, hilabeterako. Armada Rabea al-Adauiya (Kairo) eta Nahda (Giza) plazetako kanpalekuak desegitera joan denean hasi dira istiluak —uztailaren amaieran ohartarazi bezala—. Gutxienez berrehun pertsona hil dira eta milaka zauritu Egipton, Anaia Musulmanen arabera. Osasun Ministerioak, berriz, 95 hildako eta 874 zauritu zenbatu ditu. Anaia Musulmanek adierazi dute, gainera, hainbat manifestari atxilotu dituztela eta zaurituen artean adingabeak daudela.

Giroa nahasia da Egipton. Anaia Musulmanen jarraitzaileek hainbat polizia etxeri eta gobernuaren egoitzari eraso dietela diote azken informazioek. Armadaren jarduna salatzeko protestan ari dira Mursiren jarraitzaileak Egiptoko kaleetan. Istiluak daude Alejandrian, Asuanen eta Kairon bertan, estatuko telebista publikoak jakinarazi duenez. Kairon bertan, hainbat lagun Mustafa Mahmud plazan elkartu dira, eta harriak jaurtitzen eta pneumatikoak erretzen ari dira. Al-Nur meskitaren aurrean ere elkartu da jendea, Rabea al-Adauiya plazara gerturatzeko asmoz — plaza horretako kanpalekuak bertan jarraitzen du, oraingoz—. Hainbat lagun Ramses ingurutik plaza horretara bidean martxan doaz. Egiptoko estatu telebistak jakinarazi duenez, manifestariek polizia bat atxiki dute Rabea al-Adauiya plazan.

Ane Irazabal kazetaria Kairon dago, eta Twitter bidez zabaltzen ari da bertan zer gertatzen ari den. Irazabalen arabera, hainbat kazetariri materiala konfiskatzen ari dira segurtasun indarrak Raban. Hildakoen artean, bi kazetari daude: bata, 59 urteko kameralaria Sky News telebista katean, eta bestea, Gulf News hedabideko 26 urteko kazetaria.

Horrez gain, Irazabalek gertaeren gordintasunaz ere hitz egin du. Haren ustez, manifestariek Nahda eta Rabea al-Adauiya plazetan armak izango balituzkete ere segurtasun indarren oldarraldia azaltzea eta justifikatzea "oso zaila" izango litzateke.

Efe agentziak, segurtasun indarrak iturri hartuta, baieztatu du Nahda plaza "kontrolpean" dutela dagoeneko, eta Polizia Mursiren jarraitzaileen atzetik dabilela Rabea al-Adauiya plazaren inguruan. Segurtasun indarrek zenbait trenen zirkulazioa gelditzeko agindu dute, herrialdearen "segurtasuna bermatzeko".

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Egiptoko agintariek kanpalekuak indarrez desegin izana arbuiatu du, eta egiptoarrei dei egin die "guztiak barne hartuko dituen" adiskidetze prozesua hastera. Banek adierazi duenez, "ez alde bateko ez besteko bortxa ez da Egiptok pairatzen dituen arazoei erantzuteko modua".

Mursiren itzulera kanpalekuetan aldarrikatzen

Mohamed Mursi kargugabetutako presidenteak kargua berriz lortu artean Rabea al-Adauiya eta Nahda plazetan protestan arituko zirela hitzeman zuten haren jarraitzaileek, eta, uztailaren 3an armadak estatu kolpea eman zuenez geroztik, plaza horietan jarrita zeuden. Uztailaren amaieran behin-behineko gobernuak ohartarazi zien kanpalekuak desegingo zituela, eta gaur bete du esandakoa. Armadak adierazi du negar gasak "soilik" erabili dituela kanpalekuak desegiteko, baina lekuko aktibistek salatu dute benetako su armak ere erabili dituztela. 

Gehad el-Haddad Anaia Musulmanen bozeramaileetako batek, hildakoak berresteaz gain, baieztatu du zenbait pertsona "oso larri" daudela. El-haddaden ustez, kanpalekuak desegitea "oposizioa paretik kentzeko saioa" da, eta bortizki ari da armada lan horretan: "Manifestari baketsuak banan-banan ari dira erortzen. Hilketa basatiak gehitzen ari dira".

Armada orga korazatuekin joan da kanpalekuak desegitera, eta hondeamakinak ari dira manifestarien kanpadendak kentzen, Eferen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.