Mundua

Larrialdi egoera ezarri dute Filipinetan estatu kolpe saio baten ostean

Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako presidenteak larrialdi egoera ezarri du herrialdean. Armadak estatu kolpe saio bat saihestu duela jakinarazi du; jeneral bat eta konorel bat atxilotu dituzte. Une honetan, Filipinetako presidentea Malacañango Jauregian dago bere ministroekin bilduta. Herritarrek protestak abiatu dituzte.

2006ko otsailaren 24a
16:23
Entzun
Filipinetako Indar Armatuek ohar baten bidez jakinarazi dute bart gauean Lim jenerala eta Querubin koronela kargugabetu eta preso hartu zituztela. Ohar berean argitu dute kasu bakartuak direla eta Armadako gainerako kideak Konstituzioari fidel izaten jarraitzen dutela.

Filipinetako presidenteak telebista bidez ohartarazi die herritarrei larrialdi egoera ezartzeko erabakia hartu dutela. Antza, gobernua kolokan jartzeko asmoei aurre egiteko."Azken hilabeteetan oposizioko kideak konspirazioa burutzen aritu dira 2004ko maiatzean demokratikoki hautatutako gobernuaren aurka. Ezker eta eskuin muturreko agintariekin bat eginda aritu dira. Macapagal Arroyok azaldu duenez, egoera honek ezegonkortasuna dakar eta herrialdeko ekonomia kaltetzen du.

Larrialdi egoeran, Filipinetako segurtasun indarrek ahalmen bereziak eskuratzen dituzte. Atxiloketak burutu ditzakete agindu judizial baten beharrik gabe eta bilera publikoak ere debekatu ditzakete, besteak beste.

1986ko matxinadaren oroitzapen ospakizunak bertan behera

Duela 20 urte, 1986ko otsailaren 25ean izan zen Ferdinand Marcosen diktadurarekin amaitu zuen errebolta. Gaur ospatu behar zuten urteurrena Filipinetan, baina larrialdi egoera dela eta, bertan behera geratu dira ospakizunak. Hala ere, 5.000 manifestari inguru 1986ko matxinada ospatzeko asmotan atera dira kalera baina poliziak urezko kainoiak erabiliz sakabanatu ditu.Ignacio Bunyei presidentearen bozeramaileak jakinarazi du ospakizun guztiak bertan behera utzi dituztela. "Indarkeriari aurre egin eta eteteko" agindua jaso du Armadak Bunyek ohartarazi duenez.

Era berean, larrialdi egoeraren aurkako protestak ere hasi dira herrialdean. Protesta gehiego abiatzeko asmoz eta harrika ari zen talde baten aurka indarrez aritu dira segurtasun indarretako kideak.

Segurtasun neurri handien artean, Armadak bere instalazioetako ateak itxi ditu soldaduek protestekin bat egin ez dezaten. Izan ere, 1986ko herritarren iraultza hartan Filipinetako Armadak garrantzi handia izan zuen.

Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako presidenetea presio jasaten ari da azken hilabeteetan. Joan den urteko hauteskundeetan lortutako garaipenak legezkotasunik ez duela leporatzen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.