Larrialdi egoera ezarrita dagoela ukatu du Libanoko lehen ministro Fuad Siniorak

Lahud presidenteak kargua utzi ondoren sorturiko hutsune politikoak kezka eta tentsioa areagotu ditu

2007ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Libanoko presidente Emile Lahudek, agintaldia bukatuta, kargua utzi eta biharamunera, atzo, haren aurkari eta Libanoko lehen ministroa, Fuad Siniora, bera buru duen gobernurako aldarrikatu zuen aginte orokorra. Siniorak -Mendebaldearen aliatua-, gainera, ukatu egin zuen larrialdi egoera dagoenik, herenegun gauean Lahudek adierazitakoari kontra eginda. Sinioraren gehiengo parlamentarioa eta oposizioa ez dira oraingoz ados jarri Lahuden ordezkoa kontsentsuz hitzartzeko, eta Legebiltzarrean bost bider atzeratu dute estatuko presidente berria hautatzeko bozketa. Hilaren 30ean egitekoa dute orain bozketa. Horrek botere hutsunea eragin du, eta izan ohi duen ezegonkortasun politikoak, batetik, eta Lahuden aginduz herenegun armada kalera atera izanak, bestetik, herritarren nahiz nazioartearen kezka areagotu dute.

Kalean giroa bare dago, baina tentsioz betea. Al-Balad egunkariak bere azalean zuri utzi zuen argazkirako tokia, hutsune politikoa irudikatzeko.

Lahudek Libanoko armadako nagusiari, Michel Suleiman jeneralari, agindu zion herenegun botere tresnak -politikoak izan ezik- kudeatzeaz eta herrialdearen segurtasunaz ardura dadila, baina jeneralak oraingoz ez du esan zer egiteko asmoa duen. Halere, herenegun gauean Hezkuntza ministro Khaled Kabbanik New TV kateari esan zion Suleiman Siniorarekin mintzatu zela, eta ziurtatu ziola armadak haren kabinetearen aginduak segituko dituela.

Sinioraren hitzetan, bere kabineteak segituko du ardurak bere gain hartzen eta dagozkion betebehar eta eskumenak betetzen, «legezkoa eta Konstituzioaren araberakoa» dela argudiatuta. Ildo horretan, Libanoko nahiz nazioarteko hainbat agintarirekin bilerak egiten hasia da lehen ministroa. Besteak beste, Frantziarekin eta Mendebaldeko potentziekin, oro har, lotura estua duen komunitate kristau maronitako buruzagi erlijioso Nasrala Sfeir Butrosekin elkarrizketatu da. Emile Lahud ere kristau maronita da, baina ez dago Paris, Washington eta Bruselaren eraginpean.

Hain justu ere, presidenterik edota lehen ministrorik ez dagoen kasuetarako, Konstituzioak dio Ministroen Kontseiluak hartu behar duela boterea, behin-behinean. Alabaina, hala Lahudek nola oposizioak -Siriaren aliatuak dira- «legez kanpokoa eta Konstituzioaren kontrakoa» irizten diote Sinioraren gobernuari, duela urtebete pasatxo oposizioko sei ministrok -bost musulman xiita eta kristau greziar-ortodoxo bat- dimisioa eman ondoren.

Izan ere, Konstituzioari jarraiki, Libanon dauden 18 komunitateetatik nagusiek -kristauak eta musulmanak- ordezkatuta egon behar dute Gobernuan. Legebiltzarrean, aldiz, komunitate guztiak daude ordezkatuta. Halaber, Frantziaren -metropoli ohia- eraginpean ezarritako itun nagusiak dio estatuko presidenteak kristau maronita izan behar duela, lehen ministroak musulman sunita eta Legebiltzarreko presidenteak musulman xiita.

BERRIZ HAUTAGAI. Horiek hala, behiala armadako buru eta Siriaren kontrakoa izandako Michel Aoun kristau maronitak -orain Siriarekiko jarrera baikorra du- jakinarazi du presidentetzarako bere hautagaitza berriz aurkeztu duela, gehiengo parlamentarioari proposatu zion «nazioa salbatzeko ekimena» bazterrean geratu ondoren. Izan ere, Saad Hariri sunitak buru duen gehiengoak ez du egoki ikusi FPM Fronte Patriotiko Askeko buruzagiaren proposamena.

Hezbola eta Amal alderdi xiiten eta Marada alderdi kristauaren eta Alderdi Komunistaren aliatua da Aoun, eta bere hautagaitza erretiratzeko eta hautagai neutral bat izendatzeko prest agertu zen, baldin eta Haririk lehen ministro berri eta neutral bat izendatzen bazuen batasun nazionaleko behin-behineko gobernu bat gidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.