Talde armatu batek hamahiru soldadu hil ditu Aljerian, Gobernuak larrialdi egoera altxatu eta bi astera. Neurri hori bertan behera utzi duenetik gertatutako erasorik larriena izan da. Agintariek Al Kaedari lotutako islamistei egotzi diete atentatua. Iturri horren arabera, ekintzaile talde batek armadaren zaintza postu bat tirokatu du Azazga herrian, Kabilian, Aljer hiriburutik 130 kilometro ekialdera. Tiroketak bi ordu inguru iraun du, eta bi ekintzaile ere hil dituzte soldaduek. Bertze iturri batzuen arabera, hamar soldadu eta ekintzaile bakarra hil dira. Armadak operazio zabala ireki du atentatua gertatu den inguruko basoetan, erasoarekin zerikusia izan duten ekintzaileak bilatu nahian. Eskualde horretan Al Kaeda Magreb Islamikoa erakundeak presentzia handia duela dio armadak.
Larrialdi egoera 1992an ezarri zuen Gobernuak, milizia islamisten aurkako borrokan armadari botere eta eskumen gehiago emateko. Gatazka armatua gerra zibil bihurtu zen praktikan, eta 1990. hamarkadan 200.000 lagun inguru hil ziren. Azken hamarkadan, talde islamisten eragina nabarmen gutxitu da, armadaren errepresioaren eraginez hein handi batean. Abdelaziz Buteflika presidenteak iragan otsailean iragarri zuen larrialdi egoera bertan behera utziko zuela, erregimenaren aurkako protestak baretu nahian. «Bakarrik terrorismoaren aurkako borrokan beharrezkoa zelako dekretatu genuen legea», adierazi zuen Buteflikak orduan. Larrialdi egoeraren legearen bidez, Gobernuak erakundeak legez kanporatu, etxeratze aginduak ezarri, protesta oro debekatu eta atxiloketa arbitrarioak egin ditu. Duela bi aste indargabetu zuen erregimenak, manifestarien oinarrizko eskakizunetako bati men eginez.
Protestak ez dira isildu, ordea, eta horiek baretu nahian, inguruko herrialdeetan gertatu bezala, Buteflikak erreforma neurriak iragarri ditu. Hain zuzen, azken atentatua gertatu zen unean, soldaduak Buteflikaren iragarpena telebistatik ikusten ari ziren. Konstituzioa, hauteskunde legea eta alderdien legea berrikusiko dituztela jakinarazi du presidenteak, «demokraziaren praktika hobetzeko». Hori noizko eginen duten ez du zehaztu, eta zin egin du alderdi politiko guztiak kontuan hartuko dituela, Parlamentuan ordezkaritzarik ez dutenak barne. Gobernuaren asmoa da «prozesu demokratikoan sakontzea, Zuzenbide Estatuaren oinarriak indartzea, ezberdintasunak murriztea, eta gizarte eta ekonomia garapena bizkortzea».
Aljeriaren metropoli ohiak, Frantziak, erreformei sostengua agertu die. «Norabide onean» doaz, Atzerri ministro Alain Jupperen iritziz. «Magrebetik Pertsiako Golkoraino izaten ari diren askatasunaren eta demokraziaren aldeko herri mugimenduak Aljeriari ere eragin dio, noski».
«Lotsaren harresia»
Larrialdi legea bertan behera utzi eta erreforma politikoak iragarri arren, Gobernuak protestak saihesteko neurriak hartzen jarraitu du. Ikusgarrienetakoa Aljer hiriburuko Martirien plazan hartu duena izan da. Manifestarien elkargune nagusienetakoa izan da enparantza hori, baina agintariek alanbrearekin hesitzea erabaki dute bertan bilkura gehiago egitea oztopatuz. Aljeriako hainbat egunkarik «lotsaren harresia» deitu diote alanbrezko hesi horri. Quotidien d'Oran egunkariarentzat «alanbrezko hesiak larrialdi egoera ordezkatu du». Kamel Daud egunkariko editorialaren egileak dioenez, «apartheidaren aldeko irtenbidea» hartu dute agintariek plaza ixteko erabakiarekin.
Larrialdi Legea bertan behera gelditu denetik, atentaturik gogorrena egin dute Aljerian
Buteflika presidentea Konstituzioaren erreforma iragartzen ari zenean talde armatu batek hamahiru soldadu hil dituAljerko Martirien Plaza hesituta dauka gobernuak, protestak saihesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu