François Hollande presidentearen gobernua prest dago eskubide zibilei beste estualdi bat emateko. Ministroen Kontseiluak lege proposamen bat aurkeztu du gaur eguerdian, iazko azaroaren 13ko eraso jihadisten ostean ezarritako larrialdia beste hiru hilabetez luzatzeko. Hilaren 26an zen amaitzekoa salbuespena, eta, horrenbestez, neurria aurrera ateraz gero, maiatzaren amaierara arte miaketak eta behin-behineko atxiloketak epaileen baimenik gabe egin ahalko dituzte segurtasun indarrek. Ostiralean konstituzioa erreformatzeko eztabaidei ekingo diete Asanblea Nazionalean.
Edonola ere, atentatuen ostean Hollandek bildutako babes politikoa urtuz joan da, eta ez da ziurra parlamentuaren eta Senatuaren gehiengoa lortuko duenik. Errepublikanoak alderdiko hogei parlamentarik erreformaren aurka egin dute iritzi artikulu batean. PS alderdian ere arrakalak ireki ditu auziak; Christiane Taubira Justizia ministroak dimisioa eman zuen iragan astean.
Konstituzioa moldatu nahi du presidenteak, larrialdi egoerari dagozkion hainbat neurri zuzenbide orokorrean txertatzeko. Horrez gain, "terrorismo" delituengatik kondenatutakoei Frantziako herritartasuna kendu ahal izatea proposatu du, baldin eta nazionalitate bikoitza badute. Atentatu jihadisten ostean Hollande presidentearen onarpen mailak gora egin arren, hondoa jo du azken boladan. Ifop etxeak eginiko zundaketaren arabera, %26ko onarpen maila du egun.
Eskubide zibilen elkarteek gobernuaren jarrera gaitzetsi dute. Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak ere gogor kritikatu du Parisek hartutako bidea. Epaileen baimenik gabeko miaketen zilegitasuna eta proportzionaltasuna auzitan jarri du, eta ohartarazi du musulmanak direla Poliziaren ohiko helburuak. "Bazterketa eta estigmatizazioa bultzatzen ditu".