Espainiako gobernabidea

Larrialdiko bilera Rajoy babesteko

Aste bakarrean bitan esan diote ezetz jarduneko presidenteari, eta inbestidura saioan izandako porrotak indartu egin du presidentegaiaren inguruko eztabaida. Zalantza horiek isilaraztea izan da PPren kongresuaren helburua.

PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Copedal eta Mariano Rajoy jarduneko gobernuburua. ANGEL DIAZ /EFE
2016ko irailaren 3a
09:26
Entzun

Inbestidura saioko lehen bozketaren ostean, lasterka irten zen Maria Dolores de Cospedal Kongresutik. Helburua, larrialdiko bilera antolatzea gaurko. Zertarako? Mariano Rajoyren hautagaitza babestu eta bermatzeko. Izan ere, bigarrenez bozak irabazi arren, PP ez da gai izan bere presidentegaiarentzat nahikoa babes lortzeko Kongresuan, eta horrek zalantzak handiagotu ditu haren hautagaitzaren egokitasunaren inguruan. Alderdiko buruek, dena den, ez dute zalantzarik. "Ez dago Rajoy beste aukerarik. Horrekin bat ez datorrena bakarra PSOE da, eta haren asmoa gobernagarritasuna oztopatzen jarraitzeko aitzakiak aurkitzea da".

Baina popularren aliatuak eurak ere hasiak dira Rajoy zalantzan jartzen. Ciudadanoseko buru Albert Riverak beste hautagai baten aukera plazaratu zuen bart, Rajoyk bigarrenez huts egin ostean. Gaur, berriz, negoziatzeko deia egin die bi alderdi nagusiei. "Espero dut datozen asteetan ezezkoa alde batera utzi eta sozialistak lanean hasiko direla. Baina PPk ere amore eman beharko du eta bere buruari galdetu beharko dio zer behar duen gehiengo egonkor bat lortzeko". Gasteizen egin ditu adierazpenok Riverak.

Alternatibak

Madrilen akordiorik lortzeko gai ez direla ikusita eta hirugarrenez bozak egin beharko direla ondorioztatuta, badira bestelako aukerak mahai gainean jartzen dituztenak ere. Madrilgo alkate Manuela Carmenak, esaterako, alderdien eta herrritarren arteko hautagaitza bat bultzatzea proposatu du elkarrizketa batean. "Arrazoizkoa iruditzen zait proiektu zabal bat osatzea, herritarren nolabaiteko babesa eta parte hartzea izango duena eta ohiko alderdiak bazter utziko ez dituena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.