Larunbaterako botoa ematen hasi dira atzerrian bizi diren libiarrak

Ekialdean, gatazkak izan dira federalisten eta zentralisten artean; federalistek bozei boikota egin nahi diete

Erredakzioa
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Hiru egun bertzerik ez dira falta Libian Muammar Gaddafi agintetik bota ondorengo lehenbiziko hauteskundeak egiteko, eta dagoeneko atzerrian bizi diren herritarrak hasi dira botoa ematen. Herrialdearen egoera, ordea, egonkorra izatetik urruti dago, bertzeak bertze, Gaddafiren aurka matxinatu ziren hainbat fakzio elkar borrokan edo botere zentralarekiko lehian ari direlako.

Erresuma Batuan eta Libiak Dubain duen kontsulatuan (Arabiar Emirerri Batuak) eman dezakete botoa atzerrian bizi diren herritarrek. Larunbata arte, hau da, hauteskunde egunera arte dute botoa emateko epea. Libian bertan, Nuri al-Abar Hauteskunde Batzorde Goreneko presidenteak erran du dena prest dutela, eta Defentsa eta Barne Ministerioekin «erabateko lankidetza» dutela segurtasuna bermatzeko.

Hauteskunde kanpaina gatazkatsuak, ordea, liskarretarako aurreikuspenak sortu ditu. Ekialdean, adibidez, federazioaren aldeko hainbat lagunek Bengazi hiriko hauteskunde bulegoei eraso zieten joan den igandean. The Tripoli Post egunkariaren arabera, armatutako 300 lagun inguru bulegoetan sartu, materiala atera eta apurtu, eta instalazioari su eman zioten. Federalistek ekialdearentzat autonomia zabala aldarrikatzen dute, eta bozei boikota egiteko deia ere luzatu dute, hauteskunde sistemak diskriminatu egiten dituela diotelako.

Erasoaren aurka Bengazin

Tripolin ezarritako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren alde, ordea, milaka lagun bildu ziren Bengazin atzo, erasoa gaitzetsi eta hauteskundeei sostengua agertzeko. Ekialdean, eta Tunisiako mugan gatazka ugari izan dira azken egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.