Uda honetan bortz urte bete dira Libanoko Hezbola milizia xiitaren eta Israelgo armadaren arteko su-etena indarrean paratu zenetik. Gerrak 34 egun iraun zuen, eta ia 1.300 zibil hil ziren. Azkenean, Israel erretiratu egin zen, eta Libanoko hegoaldean hango armada eta Unifil NBE Nazio Batuen Erakundearen misioa ezartzea onartu zuen Hezbolak. Orduz geroztik igarotako denbora azken bortz hamarkadetako aro baketsuena izan da muga horretan, baina borzgarren urteurreneko uda honetan, zenbait gertakariren ondorioz, tentsioa piztu da berriz. Lasaitasunaren haria fina da Ekialde Hurbilean.
Itsasoko mugaren auzia da horren adibidea. Aste honetan bertan Libanoko Parlamentuak lege proiektu bat onartu du, muga hori ezartzeko asmoz. Michel Suleiman presidenteak jakinarazi duenez, Libano hasi da dagoeneko ur horietan petrolio bila, eta baliabide horretaz «jabetu» nahi dutenei irmo erantzungo diela erran du, Israel gogoan zuela. «Etorkizuneko belaunaldiek merezi dute petrolio aberastasunak eta beren etorkizuna bermatuta edukitzea».
Libanoz eta Israelez gain, Zipre da Mediterraneoko ur horien erabiltzailea. Azken horrek itsasoko mugarako itunak ditu bai Beirutekin, bai Tel Avivekin; Ekialde Hurbileko bi herrialdeek, ordea, ez dute hitzarmenik elkarrekin. Israelek iragan hilean bere kasa NBEra jotzea erabaki zuelako piztu da berriz tentsioa; nazioarteko erakundeak bere proposamena onartzea nahi zuenTel Avivek. «Muga horrek ezarriko du estatuak ustiaketa ekonomikorako izanen duen eremua, itsasoko baliabide naturalak ustiatzeko eskumena barne», azaldu zuen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk.
Gasa eta petrolioa
Izan ere, azken urteetan Israelek gas hobiak aurkitu ditu. Libanok, berriz, itsas azpian petrolioa bilatzeko lanak hasi zituen, eta Iranek laguntza eskaini zion, Israelen amorragarri. Libanok iazko abuztuan jo zuen NBEra bere muga proposamenarekin. Baina, Israelen arabera, muga horiek ez datoz bat aurrez Libanok eta Ziprek sinatutako hitzarmenarekin. Beirutek proposatutako lerroa Tel Avivek aurkeztutakoa baino hegoalderago dago.
Suleimanek uztailean bertan ohartarazi zuen eskura dituzten baliabide guztiekin defendatuko dituztela lurreko eta itsasoko mugak. Atzerri ministro Adnan Mansurrek ere errana du ez dutela onartuko aldebakarreko mugari nazioartean oniritzia ematea, «ezta NBEtik etorrita ere». Mansurren ustez, mugak erabakitzeko akordioa Ziprek, Israelek eta Libanok hiruren artean egin beharko lukete.
Hezbolak ere «petrolio baliabide nazionalen bortxaketen aurka» borroka egiteko deia egin zien Libanoko taldeei iragan hilean. Jamaa Islamija talde sunitarekin batera egin zuen adierazpena. Hezbolako buru Hassan Nasralak nabarmendu zuen itsasoko baliabideak Libanoren zorra arintzeko eta ekonomia berreraikitzeko «urrezko aukera» direla.
Bortz urte bakean igaro arren, bi herrialdeak formalki gerran daude. Horrek akordio oro zailtzen du, eta 2006ko abuztuan Hezbolak eta Israelek borroken etetea adostu zuten arren, oinarrizko gatazkak bere horretan dirau. Urteurrenaren harira, bake garai honetan bi aldeen egoera nola aldatu den eztabaidatu dute analistek eta hedabideek.
Gerra amaitu zenean Israelek garaipena aldarrikatu zuen, baina Hezbolak etsaia Libanotik bidali izana ospatu zuen. Gatazka milizia xiitaren ekintza batek hasi zuen. Israelgo bi soldadu bahitu zituen, presoekin trukatzeko asmoz. Tel Avivek, baina, Libano inbaditzeko aitzakiatzat erabili zuen bahiketa.
Libanoko The Daily Star egunkariaren arabera, bi aldeek etsaia gutxietsi zuten. Alde batetik, Hezbolak ez zuen ongi kalkulatu Israelek eman zezakeen erantzuna. Tel Avivek operazio handi batekin erantzun zuen, muga inbadituz eta Beirut hiriburuan eta Tiro hiri garrantzitsuan bonbardaketa odoltsuak eginez. Ia 1.200 zibil hil zituen, eta Libanoko Gobernuak erasoetan fosforo zuria ere erabiltzea egotzi zion Israeli. Gai horrek gorputza suntsitu egiten du, eta arropak soilik uzten. Nazioartean debekatuta dago gizakien aurka erabiltzea.
Hezbolako buru Nasralaren ustez, baina, gerrak «ondorio arriskutsuak» utzi zizkion Israeli. «Emaitza estrategiko onena Israelgo Gobernuaren eta armadaren konfiantza galera izan zen. Eragile psikiko hori erabakigarria izanen da eskualde osoaren etorkizunarentzat». Gerraren urteurrenaren harira egin zituen adierazpen triunfalista horiek.
Etsaiaren lerroetan, ordea, bada arrazoia eman dionik. «Gaur egungo lasaitasuna gerraren ondorioak ezabatzeko erabiltzea arriskutsua da», adierazi dio Israelgo aire armadako jeneral Eitan Ben Eliyahuk Haaretz egunkariari. «Nasralak bahiketa bat agindu zuen Israel presoak trukatzera behartzeko, eta erabateko arrakasta lortu zuen. Hezbolak Israelen irudi indartsuari kalte egin nahi izan zion, eta lortu egin zuen. Orduz geroztik hamar milaka misilekin indartu da, eta Libano hegoaldea hartu du. Gerra, haientzat, arrakastatsua izan zen, eta guretzat, porrot mingotsa».
Izan ere, The Daily Star-ek nabarmendu duenez, 2000. urtean Israel Libanotik atera zenetik, Hezbolak, gerrilla soila izateari utzi, eta «lurraldea nola defendatu eta kontrolatu» ikasi zuen «infanteriako brigada» bat bilakatu zen. Haren armak eta komunikazio sistemak Europako «armada ertain baten parekoak» zirela dio egunkariak. Miliziako borrokalarien eta Israelgo soldaduen esperientzian ere aldea zegoela dio The Daily Star-ek. Soldaduen borroka esperientzia palestinarrek deitutako bigarren Intifadan zegoen, «antolatu gabeko pistoladunen, suiziden eta harriak botatzen zituzten haurren aurka». Egunkariak dioenez, «soldadu gehienak ez zeuden egoki prestatuta irmo erantzuteko gai zen eta tuneletatik eta ezkutuko bunkerretatik mugitzen zen etsai bati aurre egiteko».
Lasaitasuna, edo 'gerra hotza'
Borrokak amaitu eta bortz urtera, bi interpretazio nagusi daude egungo egoerari buruz, bata bertzea baino baikorragoa. Haaretz-ek, adibidez, nabarmendu du Libanokoa dela Israelen «muga lasaienetakoa», eta azken urteetan izan diren liskarretan Hezbolak ez duela zerikusirik izan oroitarazi du. Horren adibide, aste honetan eta iazko abuztuan gertatutako tiroketak. Bi armadak aritu dira tiroka, eta Hezbola ez da istiluetan izan.
The Daily Star-en ustez, ordea, bakearen arrazoia bi aldeen arteko gerra hotza da. Hezbolak Israelgo mugako herrietarako ez ezik herrialde osorako helmena duten misilak eskuratu dituela oroitarazi du egunkariak; Israelek, berriz, erasorik egonez gero Hezbolaren kontrolpeko edozein eremu suntsitzeko erabakia hartua du. «Bi aldeek dakite bertze gerra bat hasiz gero israeldarren eta arabiarren gatazkaren historian parekorik izan ez duen guda bat izanen dela».
Lasaitasunaren hari fina
Bortz urte bete dira Libanoren eta Israelen arteko gerra izan zenetik, baina itsasoko mugen auziak giroa gaiztotu du berriz ereBeirutek mugen lege proiektua onartu du, eta Tel Avivek NBEra jotzeko asmoa du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu