Ekonomia

Lasalle diputatuaren 39 eguneko gose grebak Frantziako Gobernuaren eta Toyal multinazionalaren arteko akordioa behartu du

39 eguneko gose greba egin du Jean Lasalle diputatu biarnotarrak (UDF) Frantziako legebiltzarrean. Jarrera horrekin sorterri duen Aspe haraneko fabrika bakarra —Toyal multinazional japoniarrarena— deslokalizatzea eta beste leku batera eramatea eragotzi nahi izan du. Azkenean, akordio bat hitzartu dute Frantziako Gobernuak eta multinazionalak, eta bertan behera utzi du gose greba. Oso makal zegoela-eta, Parisko erietxe batean ingresatu behar izan dute gaur goizean.

2006ko apirilaren 14a
16:33
Entzun
Frantziako Gobernuak eta Toyalek egin duten akordioaren arabera, enpresak Aspe haranean jarraituko du, eta, gainera inbertsioak egingo ditu. Horretarako, Gobernuaren laguntza jasoko du finantziazioan.

Hori lortzeko, 39 eguneko gose greba egin du Jean Lasalle diputatu biarnotarrak (UDF) Frantziako legebiltzarrean

Gaur goizean, Parisko erietxe batera eraman dute diputatua parlamentuko medikuak aginduta, eta Lasalleren inguruko iturriek agertu dutenez, "nekatuta baina ondo, korderik galdu gabe" zegoen.

Lasalle zentroko UDF alderdikoa da, eta Pirinio Atlantikoen departamendutik da diputatua—Biarnok eta Ipar Euskal Herriak osatzen dute departamendu hori—. Hain justu, Biarnoko Aspe haranekoa da Lasalle, eta gose grebaren bidez haran hartako industria bakarraren galera eragotzi nahi izan du.

Izan ere, Toyal kimika arloko multinazional japoniarrarena da lantegi hori, eta deslokalizazio estrategien ondorioz beste lekuren batera eramateko asmoa zuten.

Atzo Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroa elkarrizketatu zen Lasallerekin, eta auzi horretan bere esku duen guztia egingo duela hitzeman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.