Lasserre izanen da Ipar Euskal Herriko senatari bakarra

Bi aulki lortuta, Pirinio Atlantikoetan ere sozialistak atera dira garaile; hirugarrena Lasserre zentristak du

Labazee, Moleres, Mialocq, Espagnac eta Jarraud-Vergnolle PSko kideak, Baionan, atzo. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Pirinio Atlantikoetako departamendutik Jean Jacques Lasserre zentristak eta Georges Labazee eta Frederique Espagnac sozialistek dituzte Frantziako Senatuko aulkiak lortu. Ipar Euskal Herritik bederatzi baldin baziren aurkezten, azkenean Lasserrek du bakarrik irabazi. Gaur egun, Ipar Euskal Herri mailako Hautetsien Kontseiluko buru da, eta, Bidaxuneko (Nafarroa Beherea) auzapeza izateaz gain, departamenduko kontseilaria ere bada.

Senatari berriak direla, bakoitzak haren mezua eramanen du Parisera: sozialistek sozial arloaren beharra entzunaraziko dute nagusiki, eta Lasserrek, nahiz eskuinaren alde bozkatu, haren «jarrera independentea atxikiz» lurralde erreformak dakarren zentralizazioaren aurka agertuko dela berretsi du.

Frantziako joera bera sentitu zen herenegun Pirinio Atlantikoetan ere: eskuinak zafraldia bildu zuen, orain arte zuen aulki bakarra galduz. Eskuinean hautagaitza anitz, agian sobera, izatea lotu diote porrotari: «Bospasei garelarik etiketa berdinarekin aurkezten eta kasik denok garelarik Euskal Herrikoak, hobeki ezin daiteke egin...», zioen Mixel Hiriartek (UMP).

Lehen itzulian hamazazpi hautagai aurkeztu ziren, eta zortzi ziren bigarrenean gelditu: Espagnac, Lasserre, Labazee, Saint-Pe zentrista, Hiriart, Annie Jarraud Vergnolle sozialista, Saveur Bacho Europe Ecologie Berdeen (EEB) eta Herrien eta Eskualdeen Elkartasuna (RPS) federazioaren hautagaia eta Ezkerreko Fronteko Olivier Dartigolles.

Paueko (Biarno) Erakusketen Parkean bilduak ziren tokiko 1.762 hautesleak, hots, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko diputatuak, eskualdeko kontseilariak, kontseilari nagusiak eta herriko kontseilarien ordezkariak. Hautagai bakoitzak bigarren itzulirako ahal bezainbat boz lortu nahi zituela, eztabaida eta tirabira anitz izan zen bi itzulien artean.

Sozialisten barne saltsak

«Jukutria» ere izan zen Bacho Arberatzeko (Nafarroa Beherea) auzapezaren irudiko, David Habib Mourenx hiriko (Biarno) kontseilari sozialistak ez zuelako PS eta EEBn arteko akordioa errespetatu nahi izan. Hala eta guztiz ere, Pierre Cherret departamenduko alderdi sozialistako idazkari nagusiak berretsi egin zuen lehen itzulia aitzin adostu akordioa: Senatuko lehendakaritzako ezkerreko hautagaiaren alde bozkatzera engaiatua zen EEB, eta, horren truke, bigarren itzulian, hirugarren postuarentzat Bachoren alde bozkatzera deitu zuen. «Tirabira anitz izan badira ere, Alderdi Sozialistak akordioa errespetatu du, haatik Jarraud Vergnollek (PS) ez du onartu, eta guretzat gauza biziki txarra izan da hori». Hala da, nahiz akordioak erran sozialisten hirugarren hautagaiak Bachori tokia utzi behar ziola, Jarraud Vergnollek ez zuen halakorik egin, eta bigarren itzulian mantendu zen. Hori dela eta, emakumea alderditik kanporatua izan dadin eskatu zuen atzo Cherretek, «erabat onartezina delako: akordio bat zegoen, eta, ez errespetatuz, dena zangoz gora ezartzeko arriskua hartu du». Erabakiarekin bat egiten zuela jakinarazi zuen barda Jarraud Vergnollek, zehaztuz barne giroaz «asperturik» zela.

Bachok 317 boz bildurik

Sozialisten boz guztiak ez zituen bildu, beraz, Bachok, guztira 412 bildu zituelako Jarraud Vergnollek bigarren itzulian. Lehen itzulian 150 boz eta bigarrenean 317 bildurik, emaitza «polita» lortu dutela zioen Arberatzeko auzapezak. «Parisera mezua eramateko» asmoz, «egindako urratsek nazional mailan zerbait ekarriko dutela» uste du. Hala ere, ez zutenakordio politikorik sozialistekin adosturik, eta euskal lurralde elkargoari buruz zein AHT bide berriari buruz desadostasun handiak dituzte.

2012an presidentetzarako bozetan garaile aterako balitz, Dezentralizaziorako III. Akta gauzatuko luke Alderdi Sozialistak, eta horren bidez, beharbada, zerbait aitzinarazten ahal litzatekeela dio Bachok. Lasserre ere ez da inoiz euskal lurralde elkargoaren alde agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.