Lurraldetasun gatazkak ohikoak dira Latinoamerikan. Nikaragua eta Costa Rica Nazioarteko Justizia Auzitegira eraman dituen auziaz gain, badira gaur egun oraindik ere konpondu gabeko beste hamaika muga gatazka.
Managuako Gobernuak, esaterako, badu beste fronte bat Karibe itsasoan. Hango irla batzuen jabetzaren inguruan liskar gogorra baitauka Kolonbiarekin. 2007. urtean, baina, Hagak, 1928ko itun batean oinarrituta, Bogotari eman zion arrazoia San Andres Probidencia eta Santa Catalina irlen inguruan. Baina itun hartan jasotzen denez, ez da zehazten uhartediko beste bost irlen jabetza eta bi herrialdeen arteko itsasoko muga.
Hondurasek eta El Salvadorrek ere desadostasunak dituzte mugaren inguruan. 60ko hamarkadaren amaieran, Futbolaren gerra izenez ezagutzen dena borrokatu zuten. Munduko koparen sailkapenekin batera lehiatu zelako ipini zioten izen hori. Lau egun besterik iraun ez bazuen ere, bi mila hildakotik gora utzi zituen. Kilometro koadro bat baino gutxiago neurtzen duen eremuaren jabetza aldarrikatzen dute oraindik ere bi gobernuek.
Peru eta Txileko kostaldearen arteko mugaren inguruko erabakia urte honetan ematekoa da Hagako Auzitegia. Ozeano Bareko 100.000 kilometro koadroren gaineko subiranotasuna aldarrikatzen du Peruk. XIX. mendeko gerretan galdutako eremua delako aldarrikatzen du. Boliviak ere orduan galdu zuen itsasorako sarrera.
Epaileen eskuetan
Bolivia eta Txile, Venezuela eta Kolonbia, Argentina eta Erresuma Batua, Guyana eta Venezuela, eta Guatemala eta Belize aurrez aurre jartzen dituzten gatazkak ere badira. Rafael Nieto Hagako epaile ohi eta abokatuaren ustez, horrelako gatazketan zuzenena epaitegietara jotzea da, nahiz eta azken aukera izan behar duen: «Latinoamerikan ohikoak dira gatazka horiek, eta izaera judizialeko erabaki batek konpontzen du auzia».
Latinoamerikan asko dira oraindik konpondu gabeko muga gatazkak
XIX. mendeko gerren eraginez sortutako gatazkei irtenbidea emateko, epaileengana jotzen dute estatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu