Mazedoniako presidente berria aukeratzeko bozak gaur egingo dituzte. Boris Trajkovski presidentea joan den otsailaren 26an hil zen Bosnian, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla-eta; Trajkovski zihoan hegazkinak mendia jo zuen.
Mazedoniako Fiskaltzak guztiz baztertu zuen hegazkina eraso baten ondorioz erortzea. Trajkovskik 1999an lortu zuen presidentzia, eta bost urteko agintea beteko zukeen aurtengo abenduan.Mazedoniako zenbait institutu nazionalek egindako galdeketen arabera, SDSM alderdi sozialdemokratako Branko Crvenkovski haugaiak lortuko du garaipena. Halere, VMRO-DPMNE zentro eskuineko alderdiko Sasko Kedev gertu izango du Crvenkovskik. Kedev presidente ohiaren alderdi berekoa da.
Albaniarren ordezkaritza
Bestalde, albaniar etniako bi hautagai ere badira presidentziarako lehian. Alde batetik, DUI Integraziorako Batasun Nazionaleko Gezim Ostreni; bestetik, DPA Albaniarren Alderdi Demokratikoko Zudi Xhelili.
Ohikoa den modura, lau hautagaiek lelo eta promesa ugari erabili dituzte hauteskunde kanpainan. Crvenkovskik Mazedonia 2007 urterako NATOko kide izango dela zin egin die biztanleei. Ondoren, gainera, EB Europako Batasuneko partaide izango direla ere hitz eman du. Kedevek, gertuen duen aurkariak, berriz, egoera ekonomikoa nabarmen hobetuko duelako promesa egin die mazedoniarrei.Ostrenik, ordea, Justizia guztientzat lelopean egin du hauteskunde kanpaina. Mitinetan ez zen Mazedoniako ikurrik ageri. Bai, ordea, Albaniakoak, AEBetakoak edota NATOkoak.Xhelilik ere antzeko moduan egin du kanpaina, hots, Albaniako ikurrekin. Bide berrietatik da Xheliliren alderdiak erabili duen leloa.
Bestalde, hauteskunde kanpaina behar bezala joan dadin, Mazedoniako eta atzerriko 3.000 ikuskatzaile daude guztia behatzen.
MAZEDONIA
Lau hautagai lehian, istripuz hil zen presidentea ordezkatzeko
Branko Crvenkovski da hautagai nagusia; halere, ez ei du garaipena lehen itzulian lortuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu