Iraken okupazioa

Lau militar italiar hil dira helikopteroan zihoazela amilduta

Italiako Armadako helikoptero bat erori da bart gauean, Irak hegoaldean, Nasiria hiritik hurbil. Barruan lau militar zihoazen, eta Italiako Defentsa Ministerioak agertu duenez, lauak hil dira. Helikopteroa zergatik amildu den argitzeke dago oraindik. Bakuban, berriz, hiru soldadu irakiar hil ditu bonba-auto batek.

2005eko maiatzaren 31
09:58
Entzun
Kuwait hiriburuko nazioarteko aireportutik Irak hegoaldeko Tallileko aireportura zihoan AB-412 helikopteroa. Hain justu, Kuwait eta Tallil artean, erdi bidean-edo, dagoen base batean erregaia hartzeko geratu direnean izan dute azkeneko komunikazioa irrati bidez helikopteroko lau bidaiariekin.

Komunikazioa galdu dutela ohartzean, bilaketa lanak hasi ditu Italiako Armadako Predator hegazkin batek; goizeko seiak aldera (lauak Euskal Herrian) aurkitu dituzte helikopteroaren hondakinak eta lau hilotzak, inguru bakarti batean. Italiak 2.700 soldadu inguru ditu Nasirian, AEBek gidatutako koalizioaren barruan.

Bonba-autoa Bakuban

Gutxienez hiru soldadu irakiar hil dira eta zazpi zauritu, Bakuban, bonba-auto batek harrapatuta. Irakeko Armadako ibilgailuen konboi bat izan da erasoaren jomuga.

Bakuba Bagdad hiriburutik 65 bat kilometro ipar-ekialdera dago, eta AEBen okupazioaren kontrako erresistentziak indar handia du inguru hartan. Joan den otsailaren 28an Irakeko Gobernua eratu zenetik matxinoek areagotu egin dituzte erasoak, eta harrezkero 750 lagun hil dituzte iturri ofizialen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.