Lau palestinar hil ditu Israelek ospitale batean

Atzo sartu ziren militarrak Al-Nasser erietxera, eta hogei palestinar atxilotu dituzte. Netanyahuk estatu palestinar baten aukera deitoratu du.

(ID_13575741) MIDEAT ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Gizon talde bat Al-Nasser Ospitalean (Khan Yunis, Gaza), haien familiako kideen gorputzen alboan, otsailaren 7an. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 16a
14:30
Entzun

Iparraldean hasi zen Israelen oldarraldia Palestinan. Gero, bonben eta militarren lurreko operazioengatik, hegoalderantza mugitu dira erasoak, eta, horiekin batera, milaka palestinar, haien etxeak atzean utzi eta leku seguru baten bila. Jada ez da leku segururik gerazten zerrendan. Khan Yunis, Egiptoko mugatik hogei kilometrora dagoen hiria, operazio militarren fokua izaten ari da azken egunetan. Azkena, atzo izan zen. Israelgo armada Al-Nasser ospitalean sartu zen, bertan zenbait bahitu israeldar zeudela argudiatuta. Operazio hark, momentuz, lau hildako utzi dituela jakinarazi du, gaur, Gazako Osasun Ministerioak.

Israelgo armada ospitalean sartu zenean eraikin osoan elektrizitatea moztu eta gaixoen oxigenoa mugatu zuten. Neurri horiek eragin dituzte hildakoak, ministerioaren arabera. Militarrek 25 egun zeramatzaten erietxea setiatzen. Bertan, Hamaseko kideak daudela, eta horri buruzko «informazio sinesgarria» dutela esan du gaur armadako bozeramaileak. Ospitalean egindako operazioan «urriaren 7ko erasoan [Hamasek Israelen egindakoa] parte hartu zuten hogei terrorista» atxilotu dituztela adierazi du. Ospitalean, gainera, miliziaren armak topatu dituzte.

Naheb Abu Taima ospitaleko zuzendariak Al Jazzera Qatarko telebistari esan dio egoera «katastrofikoan» daudela: «Laguntzarik gabe dihardugu, ospitalean dauden gaixoak ezin ditugu artatu eta momentu oro paziente berriak datoz».

Al-Nasser ospitalekoa, halere, ez da Israelek Khan Younisen atzo aurrera eraman zuen ekintza militar bakarra. Bozeramaileak esan duenez, militarren eta Hamasen arteko borroka batean hamabi miliziano hil zituzten. Zerrendaren hegoaldean egindako eraso denak «neurtutakoak» direla azpimarratu du.

Erasoek bere horretan jarraitzen dute Gazan. Zerrendako gobernuaren datuen arabera, azken 24 orduetan 112 palestinar hil eta beste 157 zauritu dituzte. Horiek horrela, nazioartea presioa areagotzen dabil Israelek erasoak bertan behara utzi eta menia bat onartu dezan. Joe Biden AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentea atzo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin solastu zen gatazkaz, hainbat hedabideren arabera. Bidenek bi estatuen formula defendatzen du, eta Rafahn lurreko operazio posible bat deitoratu du.

Netanyahu, ordea, bi aukeren aurka agertu da bart X sare sozialean argitaratu zuen txioan. Bertan, Israelek Palestinaren aferan «nazioarteko agindurik» ez duela onartuko berretsi du, eta bien arteko akordioa «soilik» Tel Aviven eta Gazaren arteko negoziazioei esker lortuko dela, «kanpoko esku hartzerik» gabe. Gainera, Palestinako Estatu bat sortzearen aurka dagoela adierazi du, errekonozimendu hori «gehiegizko saria izango litzatekeelako terrorista batzuentzako». Bestetik, Netanyahu Rafahn sartzearen alde ageri da.

Nagoziazioa, Munichen

Lehen ministroaren adierazpenei paraleloki doaz su eten baten inguruko negoziazioak. Balizko menia batez hitz egiten ari dira, besteak beste, Saudi Arabia, Egipto, AEB eta Qatar. Herrialde horien zein beste hainbaten atzerri ministroak Alemanian bildu dira, Municheko Segurtasun Konferentzian —etzira arte iraungo du—. Mendebaldeko nazioek bileran duten erronka da Israel konbentzitzea zerrenda hegoaldean erasoekin ez jarraitzeko.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ere hegoaldea erasotzen jarraitzeak izan ditzakeen kalteez ohartarazi du. Filippo Grandi NBEren errefuxiatuentzako komisarioa ere Munichen dago, eta esan du oldarraldiak gora egiten jarraituz gero palestinarrak Egiptora alde egin behar izatea «hondamendia» izango litzatekeela etorkizunean menia bat lortzeko. Grandik argitu duenez, Egiptok NBEri jakinarazi dio palestinarrak «Gaza barruan izan behar direla lagunduak», eta ez haien herrialdetik kanpo.

Libanora hedatu

Palestinako gatazka zerrendatik haratago joateak eragin dezakeenaz ohartarazi du nazioarteak. Gaur, adibidez, Israelen eta Libanoko milizia xiiten arteko borroketan bost miliziano hil dira: Amaleko hiru eta Hezbollahko bi. Urrian areagotu zen oldarraldia Israelen eta Libanoren arteko mugan, baina gatazka beste koska bat estutu dute azken egunetan. Izan ere, asteartean Libanotik misilak jaurti zituzten Israelera. Ez Hezbollahk, ezta beste miliza xiitek erasoen egiletza onartu ez duten arren, Tel Avivek jomugan jarri ditu. Atzo, esaterako, Israelek Hezbollahko zazpi kide hil zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.