Talde armatu batek Haitiko presidente Jovenel Moise hil, eta haren emazte Martine Moise zauritu zuen atzo goizaldean, haiek bizi ziren etxera sartu eta tiro eginda. Haitiko segurtasun indarrek lau pertsona hil dituzte, eta hilketarekin lotu dituzte. Beste bi atxilotuta daudela zabaldu dute, eta taldeko gainerako kideen bila jarraitzen dutela.
«Lau mertzenario hil ditugu eta beste bi kontrolpean ditugu», esan du Leon Charles poliziaburuak, telebistan eginiko agerraldi batean. Gaineratu duenez, ustezko hiltzaileek hiru polizia bahitu zituzten, eta horieak askatzea lortu dute. Gainerako susmagarriak «hil edo harrapatuko» ditugu.
Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak, lasaitasunerako deia egin zuen atzo, eta herritarrei ziurtatu zien herrialdeko segurtasuna «kontrolpean» dagoela. «Beharrezko neurri guztiak» hartzeko prest agertu zen, «nazioa babesteko». Halaber, egungo botere faltaren aurrean, behin-behineko gobernuburuak jakinarazi zuen bera dagoela orain agintean. Handik gutxira, beste agerraldi bat egin zuen: «Ezohiko ministro kontseilua egin ostean, erabaki dugu herrialde osoan setio egoera ezartzea», iragarri zuen.
Port-au-Princeko aireportua itxi zuten atzo. Dominikar Errepublikako presidente Luis Abinaderrek Haitirekiko muga ixteko agindu zuen.
Lehen kolpean, hedabideek herrialdea jasaten ari den indarkeria olatuaren barruan kokatu zuten atzoko hilketa, baina erasotzaileak presidentearen etxe barruraino sartzeko gai izateak indarra eman dio Moisek berak joan den astean haizatutako aukerari: oposizioko kideek eta enpresariek haren kontrako estatu kolpe bat prestatu dutela.