Ekialde Hurbila

Lau pertsona hil dituzte tiroz Tel Aviven

Poliziak bi palestinar atxilotu ditu, erasoaren egileak direlakoan. Armadak inguratu egin du ustezko bi erasotzaileen herria, eta haien gertuko hainbat lagun atzeman ditu.

Polizia atentatua izan den inguruetan, Tel Aviven. JIIM HOLLANDER / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko ekainaren 9a
08:16
Entzun

Sarona merkataritza gunean izan da bart gaueko erasoa. Bi ekintzailek tiroka hil dituzte lau pertsona, eta beste lau zauritu. Erasoa izan eta gutxira, bi palestinar atxilotu ditu Poliziak, erantzuleak direlakoan. Haietako bat erietxera eraman behar izan dute, zaurituta. Iturri ofizialek azaldu dutenez, tiroketa izan eta ordu gutxira, ustezko bi erasotzaileen gertuko hainbat lagun atzeman dituzte, Hebronen eta inguruetan. Horretaz gain, militarrek inguratuta daukate Yatta herria —hangoak dira ustezko bi ekintzaileak—.

Israelgo Gobernuak, segurtasun arrazoiak argudiatuta, Israelen sartzeko debekua ezarri die 83.000 palestinarri, ramadanak irauten duen artean. Tarte horretan, Zisjordaniako Lurralde Okupatuetan eta Gazan bizi diren palestinarrak ezin izango dira sartu Jerusalemen, eta ezta hegaldirik hartu ere. Garai hau baliatzen dute Gazako ehunka palestinarrek Israelen menpeko lurretan bizi diren senideak ikusteko, baina, debekuaren ondorioz, mugak itxita edukiko dituzte.

Hamaseko eledun Hussam Badranek nabarmendu du erasoak argi uzten duela huts egin dutela erresistentzia amaitzeko Israelen ahaleginek. Al-Fatahek, berriz, nabarmendu du Israelen indarkeriari emandako "erantzun naturala" direla erasoak.

"Ekintza terrorista"

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk gogor gaitzetsi du erasoa, eta salatu du "hilketa terrorista" izan dela. Orain, larrialdiko bilera egiten ari da Israelgo Gobernua, hurrengo urratsak zein izango diren aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.