Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak NBE Nazio Batuen Erakundean Palestina eskubide osoko estatu gisa onartzeko eskatu eta berehala, negoziaketei berriz ekiteko proposamena egin zien bi aldeei Ekialde Hurbilerako Laukoteak (AEB, EB, Errusia eta NBE). Hilabete barru elkarrizketei ekitea biltzen du proposamenak, eta 2012a amaitu baino lehen behin betiko bake akordio bat lortzea. Testuak, ordea, ez dio ezertxo ere Israelek eraikitzen dituen koloniez, ezta 1967ko mugez ere. Azken bi horiek dira, hain justu, Israelekin esertzeko palestinarrek ezarritako baldintzak. Horrexegatik, Riad al Malki PANeko Atzerri ministroak jakinarazi du proposamena bere horretan ez dutela onartzen.
«Laukotearen proposamenak ez du palestinarren itxaropena betetzen; proposamen herrena da», adierazi du, berriz, Al Malkik. Era berean, berrikuntzarik ez dakarrela gaineratu du, ez bada segurtasuna eta mugak negoziatzeko berandueneko egun bat ezartzea. Abbasek ere gauza bera gogorarazi zion ostiralean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari NBEko Batzar Nagusian emandako hitzaldian: «Ikusitakoa ikusirik, ezinezkoa eta onartezina da berriz ere mahaian esertzea berme batzuk izan gabe».
PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kide eta politikari Hanan Ashrauik, berriz, Laukotearen proposamenari ez dio ezezkorik eman. «Abbas itzultzen denean, palestinarren buruzagitzarekin hitz egingo du proposamenaren inguruan», jakinarazi du, eta aterik ixten ez dutela gaineratu du. Gaur iritsiko da, hain justu, Abbas New Yorketik, eta NBEn eginiko eskaera historikoa dela-eta harrera beroa egingo diote.
Israelek, bestalde, ez ditu onartzen Laukoteak proposatutako epeak. Horretaz gain, palestinarrekin negoziatzeko, haiek Israel estatu judu gisa onar dezatela exijitzen du.
Bi aldeek proposamenaren aldeko jarrera izatea espero duela adierazi zuen, ordea,Catherine Ashton EBko Atzerri Politikarako goi mandatariak ostiralean. «Gatazka hau konpontzeko inoiz unerik izan bada, hauxe da. Unea hau da, Israel segurtasunarekin kezkatuta dagoelako eta palestinarrek gehiegi itxaron dutelako estatu bat izateko», nabarmendu zuen Ashtonek.
Babes bila
PANeko Atzerri ministroak, bitartean, badu esperantza NBEren Segurtasun Kontseiluaren erabakiaren inguruan. Proposamenak aurrera egin dezan, kontseiluko hamabost herrialdeetatik bederatziren babesa lortu behar du, eta beto eskubidea duen ezein herrialdek betoa ez erabiltzea —Frantzia, AEB, Erresuma Batua, Txina eta Errusia—
Barack Obama AEBetako presidenteak, ordea, proposamenari betoa jarriko diola iragarri du, iaz esandakoari kontra eginez. Izan ere, NBEn estatu palestinarra kide izatearen aldeko mezua igorri zuen orduan. Orain, baina, presidentetzarako hauteskundeak gerturatzen ari dira, eta AEBetako presidenteak badaki Israel aliatua bazter uzteak boz asko galaraziko lizkiokeela. Obamaren ezezkoak PANen proposamenari hegoak moztuko badizkio ere kontseiluko kide gehiagok proposamenari baiezkoa emateko lanean jarraitzen dutela jakinarazi du Al Malkik. Gabon, Nigeria eta Bosnia eta Hertzegovina konbentzitu nahian dabiltza, gutxieneko bederatzi botoak bermatzeko.
Astelehenean hasiko dira Segurtasun Kontseiluan palestinarren proposamena eztabaidatzen. Al Fatako kide Azam al Ahmedek jakinarazi du proposamena hamabost eguneko epean bozkatzeko eskaera egin dutela. Izan ere, AEBek bozketa saihestu nahiko duen beldur dira palestinarrak. Horretarako, eztabaida behar baino gehiago luzatuko dutela uste dute. PAEko batzorde eragileko Jasser Abed Rabok ohartarazi du palestinarrek ez dutela atzerapenik onartuko.
AEBen presioa
AEBak presioa handitzen ari dira, Segurtasun Kontseiluan betoa erabili behar ez izateko. Izan ere, palestinarren estatua eratzea galarazten duena izatearen erantzukizuna saihestu nahi dute, horrek herrialde arabiarretan etsaitasun handiagoa eragingo diela jakitun. Era berean, betoa emanez gero, askok zalantzan jarri dute Ekialde Hurbileko gatazkan bitartekari izaten jarraitu ahal izango duen.
AEBetako 70 kongresistak, hain justu, gutun bat igorri diete 31 herrialderi, palestinarren proposamenari ezezkoa emateko eskatuz. PANen ekimena «Ekialde Hurbilerako mehatxua» dela idatzi dute bertan. AEBetako Gobernuak adierazi bezala, Israelen eta palestinarren arteko bakea babesten dutela adierazi dute, baina hori «negoziazioen bidetik bakarrik» lortuko dela diote, «ez NBEren ebazpenekin». NBEren babesa lortzeak elkarrizketak oztopatuko lituzkeela argudiatu dute kongresistek. Besteak beste, Gabon, Nigeria eta Bosnia eta Hertzegovinak jaso dute aipatutako eskutitza, zeinak Segurtasun Kontseiluko kide diren baina oraindik jarrera argi bat erakutsi ez duten.
Politika Arduratsuetarako Zentroak, berriz, jakinarazi du eskutitz hori sinatu duten hainbatek dirua jaso dutela AEBetako juduen lobby-en eskutik.
Tentsioa Zisjordanian
New Yorken estatu palestinarraren auzia eztabaidatzen zuten bitartean, tentsio uneak izan zituztenZisjordanian, kolonoek nekazari palestinarren aurkako erasoak areagotu baitituzte.
Atzo eta herenegun kolonoek palestinarren olibondoak erre zituzten Nabulus inguruan. Atzo, nekazariei eraso egin zieten, hainbat zuhaitz erre zituzten, eta beste hainbat moztu. Inguruan zeuden soldadu israeldarrek ez zuten ezer egin txikizioa saihesteko. Ostiralean, berriz, Kusra herriari eraso zioten kolonoek. Herriko 300 gazte laborantzak babestera atera ziren, eta liskarrak izan ziren. Israelgo armadak esku hartu zuen gatazkan, eta Issam Badran, 37 urteko palestinar bat hil zuen tiroz. Haren aldeko hiletan jendetza bildu zen atzo.
Salam Fajad PANeko lehen ministroak gaztearen hilketa salatu du, eta Israelek egiten dituen krimenei erantzuteko eskatu dio nazioarteari. Bestalde, NBEn eskubide osoko estatu gisa onartzeko eskaeraren harira egin dituzten manifestazio baketsuak goraipatu ditu lehen ministroak. Indarkerian erori nahi ez duen herriaren isla direla adierazi du.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
Laukotearen negoziazio proposamena herrena dela dio PANek
AEBek, EBk, Errusiak eta NBEk ez dituzte aipatzen Palestinarren baldintzak: koloniak etetea eta 1967ko mugak errespetatzeaAEBetako hainbat kongresistak Palestina ez onartzeko eskatu diete 31 herrialderi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu