Nazioarteko Zigor Epaitegiko Fiskaltzak jakinarazi duenez Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohia gizateriaren kontrako krimenengatik auzipetuko dute. 2010eko hauteskundeen ostean herrialdean piztu zen indarkeria giroan izan ziren hainbat hilketa eta bortxaketen erantzule egin du. Gizateriaren aurkako lau krimen leporatzen dizkiote.
Herbehereetara irisi da Gbagbo epaitu dezaten, Boli Kostako agintariek utzita. Azaroaren 23an eman zuen Hagako epaitegiak atxilotzeko agindua. Apirilean atxilotu zuten, eta harrezkero Boli Kostan zegoen espetxeratuta. 66 urte ditu, eta Hagan jakinarazi duenez, aurki hasiko da bere aurkako prozesua.
Hauteskundeak galdu zituen
Iazko abenduan hauteskundeak galdu zituen Gbagbok, baina ez zuen agintea utzi nahi izan, eta Boli Kosta presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko gerran sartu zen. Alassane Ouattarak irabazi zituen hauteskundeak, eta nazioarteak horri eman zion zilegitasuna. Gbagbok, ordea, gerra sustatu zuela dio Fiskaltzak.
Gatazka horretan 3.000tik gora lagun hil ziren. Gbagboren segurtasun indarrek zibilak erasotu zituztelako ustea du Fiskaltzak, eta horien aurkako erasoak orokorrak eta sistematikoak zirela arguditu du, "maiz, talde etniko eta erlijio zehatz batzuetako kideen aurka". Erasoak plan bateko parte zirela esan du.