2012az geroztik zegoen Atzerri ministro karguan Fabius, François Hollande Frantziako presidentetzara iritsi ostean. Gobernu kontseilu osteko agerraldian galdetu diote kazetariek ea azken aldiz hartu duen parte bilera horretan, eta baietz erantzun du.
Azaldu duenez, Kontseilu Konstituzionaleko presidente izatea proposatu dio Hollandek, eta onartu egin du. Frantziako Asanbleak eta Senatuak oniritzia eman behar du orain, eta "dena ongi badoa", martxo hasieran hartuko du presidentetza.
Christiane Taubiraren dimisioari batzen zaio orain Fabiusena. Beste gauza batzuen artean, "terroristei" Frantziako herritartasuna kentzearen kontra dagoelako eman zuen dimisioa Taubirak, eta Jean-Jacques Urvoasek ordezkatu zuen karguan.
Bi dimisioon ostean, Hollandek gobernua berregituratzea espero da.