Laurent Gbagboren indarrei airetik erasotzeari ekin dio nazioarteak Boli Kostan

Nazioarteko misioko helikopteroek lau misil bota dizkiote base militar bati Abidjanen

Erredakzioa
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hitzetatik ekintzetara pasa da nazioartea Boli Kostan. Choi Young Jin NBE Nazio Batuen Erakundeko misioko ordezkariak azken ohartarazpena egin eta berehalakoan ekin dio nazioarteak erasoari. Laurent Gbagboren indarren base militar bati eraso baitzioten atzo arratsaldean; lau misil bota zituzten helikopteroetatik. Lekukoek jakitera eman zutenez, leherketa handi bat entzun zen eta ondoren ke zirimolak ikusi zituzten. Choik berak aurretik jakinarazi zuen «ekintzara» pasatzea aztertzen ari zirela, baldin eta zibilen eta kasko urdinen kontrako eraso «zentzugabeek» jarraitzen bazuten. Frantziako armadak ere, nazioartearen deiari erantzunez, erasoan parte hartu du.

Nazioarteak bere kontra egiterako, baina, nahikoa isolatuta zegoen Gbagbo. Alassane Ouattararen indarrek, izan ere, herrialdearen kontrola bereganatu ostean eguerdian sartu ziren hiriburu ekonomikoan. Abidjanen inguruetan azken egunotan zeuden bost mila soldaduak hirira sartu zirela jakinarazi zuen Issiaka Wattaok. Ouattararen indarren ofizial honen arabera, zortzi ordu beharko dituzte «hiria garbitzeko». Gbagboren kontrako «azken oldarralditzat» jo du erasoa.

NBEk egindako kritikez ere hitz egin du Ouattarak. Zibilen kontrako erasoak ez direla zigorrik gabe geratuko adierazi du Guillaume Sorok. Ouattararen lehen ministroak esan du hilketak argitzeko ikerketa egingo dutela «zuzenbide estatua» bermatzearren. Duekue hirian 330 zibil hil izana leporatu dio NBEk Ouattarari. Iragan azaroan egin ziren bozetan garaipena harena izan zela iritzi dio hala ere, nazioarteak. Gbagbok, berriz, hauteskundeen emaitzak onartu ez eta botereari eusteko ahalegin etsian ari da ordutik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.