Bashar Al Assadek ez du lortu alderdien lege berriarekin manifestariak baretzerik, eta, ostiralero bezala, milaka herritar atera dira kalera Siriako hiri garrantzitsuenetan, erregimenaren aurkako gaueko protestetan. «Herriak espero duen dekretu bakarra Al Assadek dimisioa ematea da», esan du gizarte ekintzaile batek. Erregimenak, berriz, nazioartearen eskaerei entzungor egin die berriz ere, eta gutxienez hamabost lagun hil dituzte tiroz.
Hainbat hiritan egin dituzte manifestazioak, ohiko otoitzak amaitu ondoren. Haman, ordea, debekatu egin dute ostiral eguerdiko otoitza, eta ezin izan dira kalera atera, oraindik ere setiaturik baitaude. Oposizioaren arabera, Dumair hirian hiru lagun hil dituzte, Damaskon bost eta Arbinen zazpi. Lekukoek adierazi dutenez, erregimenak anbulantziak erabili ditu manifestariei tiro egiteko. Aste honetan, gainera, legez kanpoko gasak erabiltzen dituztela ere salatu dute, baita teilatuetan frankotiratzaileak daudela ere, hiritik ihes egiten saiatzen den edonori tiro egiteko prest.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aste honetan Siriako zibilen aurkako errepresioa gaitzesten duen adierazpen bateratua egin du. Errusia, Txina eta beste herrialde batzuk, ordea, ez daude Damaskori zigorrik jartzearen alde. Hala, hamabost herrialdeek bi hilabetez egin dituzten bileren ostean, NBEk ez du zigor ebazpen bat kaleratzerik lortu, eta eragin juridikorik izango ez duen adierazpenarekin konformatu behar izan du oposizioak. Nazioarteari ere ez zaio aski iruditu NBEren gaitzespena. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak jakinarazi du datorren astean berriro bilduko direla zigor ebazpen bat adosteko.
Indarkeria baztertzeko eskatu zion Al Assaden erregimenari NBEk, baina ez dirudi kasu handirik egin dionik. Hala, zibilak hiltzen jarraitzen dutela ikusirik, jazarpena gelditzeko eskatu dio berriro Siriari; «hilketak, atxiloketak, desagerpenak eta torturak atertu ez direla egiaztatzen duten txostenak jasotzen ditugu oraindik ere», adierazi du erakundeak ohar bateratuan. Informazio eskubidea urratzea ere egotzi diote; «kezkaturik gaude Siriak ez dielako sartzen uzten atzerriko komunikabideei, eta buru-belarri ari da herrialdean gertatzen dena ezkutatu nahian».
Hainbat gobernuz kanpoko erakundek, berriz, Siria estu hartzeko eskatu diote Brasil, India eta Hego Afrikari. Segurtasun Kontseiluko herrialde horiek, Txina eta Errusiarekin batera, uzkur ageri dira Al Assaden erregimenari zigorra ezartzeko garaian.
Clintonen adierazpenak
Hillary Clinton AEB Ameriketako Estatu Batuetako idazkariakmartxotik protestak hasi zirenetik, 2.000 lagun hil izana egotzio dio Siriako erregimenari. Zifra hori oposizioak ematen duena baino are handiagoa da —haien arabera, mila lagun inguru hil dituzte protestetan—.
AEBek, berriz, erregimenarekin lotura dutenak oraindik ere zigortu egiten dituzte. Muhammad Hamsho parlamentaria izan da azkena, Al Assadi dirua maileguan uztea egotzita. Izan ere, Al Assadek blokeaturik du AEBetan duen diru guztia, eta hango enpresek debekaturik dute Siriako presidentearekin negozioak egitea.
Lege berriak ez ditu lasaitu manifestariak, eta milaka lagun atera dira kalera Sirian
Erregimenak hamabost lagun hil ditu; AEBek zigortu egin dute Al Assadi dirua maileguan uzten zion enpresari bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu