Atzo abiatu zen Estrasburgon Europako Batasuneko maiatzeko zabalkuntzaren ondorengo legebiltzar berria. Kide berriak biltzen dituen Europako Legebiltzarrak gaur aztertuko ditu orain arte Irlandaren esku egon den presidentetzaren ibilbidea eta lorpenak. Bertie Ahern Irlandako lehen ministroa bertan izango da Europako Konstituzioaren eta Europako Batzarreko presidentetzaren inguruan aurreko sei hilabeteetan lortu dituen akordioak defendatzeko. Ondoren, Jan Peter Balkenende Herbehereetako lehen ministroak Legebiltzar berriak izango dituen lehentasunak zeintzuk diren azalduko du. Europako Batasuneko finantza eremu berria (2007-2013) eta Turkiarekin Batasunean sartzeko negoziaketak zabaltzea izango dira diskurtsoaren ardatzak.
Josep Borrell Espainiako alderdi sozialistako kidea Europako Legebiltzarreko presidente aukeratu zuten atzo Estrasburgon. Borrellek gehiengo absolutua lortu zuen bozketan eta horrela, Pat Cox irlandarra ordezkatuko du karguan. Europako Parlamentuak guztira 732 aulki ditu eta 700 parlamentarik eman zuten atzo botoa. Horietatik 647 izan ziren baliozkoak, beraz, 324 bototan ezarri zen gehiengo absolutua. Borrellek 388 boto jaso zituen eta alde nabarmena lortu zuen beste bi hautagaiekiko. Poloniako Bronislaw Geremek liberalak eta Atzerri ministro ohiak 208 botoi lortu zituen eta Francis Wurtz frantziarrak, komunista eta Europako Ezkertiarren presidentea, 51 boto soilik jaso zituen. Sozialistek Europako Talde Popularrarekin sinatu zuten paktuari esker lortu zuen Borrellek gehiengoa legebiltzarrean. Paktuan presidentetza banatuko zutela erabaki zuten bi taldeek eta 2007an Borrellek Alemaniako Hans Gert Poettring hautagai popularrari utziko dio kargua. Ostegunean erabakiko da zein izango den Romano Prodiren ordezkoa Europako Batzordean. Durao Barroso popularra izango da, antza denez, Europako Batzordearen presidente berria eta gaur egingo duen diskurtsoa erabakigarria izango da gainontzeko alderdien babesa izateko. Bozketan popularrek sozialisten botoa jasotzea espero dute aurrez bi taldeek sinatu zuten itunaren isla izan dadin. Dena den, sozialistek oraindik ez dute aurreratu botoa Barrosori emango dioten ala ez.
Beste gaiak
Erabaki horietaz gain, Hazkunde eta Egonkortasun Ituna, Legebiltzarraren botere berriak, Batasuneko estatu berrien indartzea, Europako Batzorde berria eta Europako Batasunak legebiltzar nazionalekin dituen harremanak sendotzea dira aste honetan sortuko den Europako Legebiltzar berriaren erronka nagusiak.
EUROPAKO BATASUNA
Legebiltzar berria abiatu da, Turkia EBn sartzeko gaia buruan dutela
Josep Borrel Espainiako alderdi sozialistako kidea aukeratu dute parlamentuko presidente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu