Ez dago batere argi nork irabaziko dituen gaur egingo dituzten Irlandako Legebiltzarrerako bozak. Inkestei kasu eginez gero, egungo lehen ministro Bertie Ahernen Fianna Fail da irabazteko aukera gehien dituena. Legebiltzarra osatzen duten 166 diputatuetatik 68 eta 70 artean lortuko lituzkete Ahernen errepublikanoek. Hori, ordea, urrun dago bakarrik gobernatzeko behar dituzten 83 eserlekuetatik. Ondorioz, egun gobernukide dituzten Demokrata Progresisten laguntza beharko lukete. Horiek hiru eta lau diputatu artean lortuko dituztela diote inkestek. Baina horiekin bat eginda ere ez dute gehiengoa lortuko Ahernen Fianna Failekoek.
Antzeko egoeran dago oposizioko alderdi nagusia den Fine Gael. Enda Kennyren alderdiari 40 diputatu inguru ematen dizkiote inkestek. Horiek Alderdi Laboristarekin osatuko lukete koalizioa, beste 16 diputatu gehiago lortuz. Ostadarraren Aliantza deiturikoak lehenago ere agindu izan du Irlandan. Zehazki 1994 eta 1997 bitartean egon ziren boterean, eta adituen arabera, beraiek izan ziren Irlandako ekonomiaren gorakada abiatu zutenak.
Arazoa da agintean dagoen koalizioak eta oposiziokoak ez dutela gehiengoa lortzen. Ondorioz, beste alderdi batzuekin akordioak hitzartu beharko dituzte. Alderdi Berdea izango da seguruenik proposamen gehien jasoko dituena. Berdeek sei diputatu dituzte egun, eta inkesten arabera, beste lau lor ditzakete gaurko bozetan.
SINN FEIN BAKARRIK. Gerry Adams buru duen Sinn Feinek ere nabarmen egingo du gora bozetan. Datuen arabera, hamar eserleku lortuko ditu Legebiltzarrean, egun dituenen bikoitza. Gorakada hori Irlandako iparraldeko bake prozesuan egindako lanari eskertu behar diote errepublikanoek. Horri eta Irlanda batua amesten duten hautesleei.
Baina Ipar Irlandako Gobernua osatu arte Irlandako hegoaldeko alderdiekin oso harreman onak izan dituzten arren, orain bakarrik geratu dira Sinn Feinekoak. Ez gobernuan daudenek, ezta oposiziokoek ere ez dute nahi haiekin koalizioa osatu. Horiek hala, Adamsek hipokritatzat jo ditu Irlandako buruzagiak. «Hipokresiaz jokatzen duten beste alderdiek. Haietatik gehienek ez dute parte hartu bake prozesuan. Ironikoa da benetan Fianna Failek txalotzea iparraldean gobernua partekatzea, eta hegoaldean uko egitea Sinn Fein gobernuan ikusteari».
Adamsekin ez elkartzeko, Ahernek argudiatzen du ez dela fidatzen Sinn Feinen ezkerreko proposamenek ekonomian izango duten eraginaz. Harekin bat dator, Fine Gaeleko buru Enda Kenny ere. Horretaz gain, kanpainan, Kennyk ez du aukerarik galdu Sinn Feinen iragana gogorarazteko. Dena den, adituen iritziz, Adamsek eta haren alderdikideek Irlandako iparraldean izan duten arrakastak haien jarraitzaileak ugaritzeko balioko du, eta litekeena da datozen urteetan haien indarra handitzea.
Mundua
Legebiltzar berria aukeratuko dute gaur Irlandan
Bertie Ahern lehen ministroaren alderdiak oso alde txikia ateratzen dio inkestetan oposizioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu