Turkia

Legebiltzarkide kurduei immunitatea kentzea erabaki du Turkiako Parlamentuak

Legebiltzarkideen bi herenek baino gehiagok egin dute Erdogan presidentearen proposamenaren alde. Tramite parlamentarioa egin ostean, presidenteak sinatu eta jarriko dute indarrean. "Terrorismo" delituak leporatzen dizkiete kurduen 59 ordezkarietatik 50eri.

Turkiako legebiltzarkide ugari bozketaren unean. STR / EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko maiatzaren 20a
11:17
Entzun

Turkiako Legebiltzarreko 550 parlamentarietatik 376k eman diote baiezkoa Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak egindako proposamenari, eta, hala, gainditu dituzte erabakiak aurrera ateratzeko beharrezkoak dituen botoen bi herenak. Bi herenak gaindituta, konstituzioa aldatzeko ez dute erreferendumera deitu beharrik izango.

140tik gora diputaturi eragiten die erabakiak, hainbat deliturengatik txostenak zabalduta dauzkate eta, baina kurduen ordezkari gehienak inputatuta daudenez —turkiarrak dira batzuk—, ia ordezkaritzarik gabe geratuko lirateke. HDP Herrien Alderdi Demokratikoko diputatuei "terrorismo delituak" egitea leporatzen diete, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillaren indar politikoa direla. Kurduei txostenak Erdoganen gobernua kritikatzeagatik zabaldu dizkiete, ordea, batez ere azken aldian etxeratze agindupean kurduen kontra armada egiten ari den sarraskiak salatzeagatik. HDPko kide Selahattin Demirtasek salatu duenez, "begi bistakoa da immunitate legeak kurduen aurka joan nahi duela", kurduek uste baitute gainerako diputatuek dituzten txostenek ez dutela auzitegietarako bidea egingo.

Immunitate legeak, berez, AKPko 25 diputaturi eragin liezaieke, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko 51ri eta MHP Mugimendu Nazionalaren Alderdiko zazpiri. CHPk eta MHPk alderdi gisara onartua zuten proposamena, baina zalantzan zegoen hainbat diputatuk beren alderdiak esan dutena errespetatuko zuten, oso polemikoa izaten ari baita legea. 

Joan den asteartean egin zuten lehen bozketa, boto sekretu bidez, eta 348k eman zioten ezezkoa —367 behar zituen AKPk aurrera egiteko—. 330 boto nahikoa zituen erreferendumaren bideari ekiteko.

Erdogan presidentea boterea bere neurrira antolatzen ari den heinean, kurduak ditu jomugan, eta PKK-ko gerrillarien kontrako gerra ez ezik, herritarren eta politikarien aurkako frontea irekia dauka.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.