Sirian legebiltzar berria eratu zuten atzokoan. Parlamentu berriaren osaera ez da askorik aldatu, lehen bezala Baxar al-Assad presidentearen Baaz alderdiak baitauka gehiengoa. 250 eserlekutatik 189 ditu Baazek. 1963tik lehen aldiz, alderdi ugarik aurkeztu ahal izan zuten iragan maiatzaren 7an egin zituzten legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina oposizioaren gehiengoak boikoterako deia egin zuen. Diputatuek Baaz alderdiko Mohamed Yihad al-Laham abokatua aukeratu dute legebiltzarreko presidente, eta lehen ministroa aukeratzea izango da osatu berri den legebiltzarraren lehen lana.
Al-Assadek bere aurkako protestak baretzeko hartutako neurrietako bat izan dira legebiltzarrerako hauteskundeak, baina gatazkak okerrera baizik ez du egin. Hala adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundearen Siriako gatazkarako batzordeak azken txostenean. Gatazkaren militarizazioa gero eta handiagoa dela adierazi dute. Apirilaren 12an Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatariaren planari jarraituz, su-etena indarrean sartu bazen ere herrialdean giza eskubideak urratzen jarraitzen dutela salatu du NBEk. Txostenean adierazi dute armadak egin dituela gehiegikeria larrienak.
Martxotik maiatzera bitartean jazotakoa bildu dute idatzian, eta hilabete hauetan tortura kasuak eta hilketak gertatu direla adierazi dute. Armadak manifestarien aurka tiroka erantzuten duela nabarmendu du NBEren Siriarako batzordeak. Oposizioa ere armatuta eta ondo antolatuta dagoela azaldu du.
SNC buruzagi bila
Maiatzaren 15ean berriz ere SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko buru aukeratu zuten Burhan Galiouni, baina koalizioaren barruan kritika ugari eragin zituen erabakiak. Boterean iraun nahia egotzi diote Galiouni, eta horrekdimisioa aurkeztea erabaki du oposizioaren «batasunari eusteko». Ekainaren 12an aukeratuko du bere ondorengoa koalizioko idazkaritza orokorrak eta orduan utziko du kargua Galiounik.
Legebiltzarra eratu dute Sirian Al-Assaden alderdiaren gehiengoarekin
NBEk gatazkaren militarizazioa handitzen ari dela esan du; SNCko buruak dimisioa eman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu