Legebiltzarrak koalizio gobernua babestuta independentzia aldarrikatu zain da Kosovo

Hashim Thaci gerrillarien buruzagi ohia izango da lehen ministroa eta Fatmir Sejdiu presidentea

Kristina Berasain Tristan.
2008ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Legebiltzar honek independentzia aldarrikatuko du; Kosovok merezi duelako». Jakup Krasniqi Kosovoko Legebiltzarreko presidente izendatu ostean esandako aurreneko hitzak dira horiek. Independentzia aldarrikatzeko eguna zehaztu ez arren, bide horretan beste urrats bat egin du Kosovok. Astelehenean bi alderdi nagusiek eratutako koalizio gobernua sostengatu du orain Legebiltzarrak. Orotara 88 diputatuk eman diote babesa gobernuari -Legebiltzarrak 120 diputatu ditu-. Iragan azaroaren 17ko hauteskundeen ondotik eratutako koalizio gobernuaren erronka independentzia aldarrikatzea izango da orain.

PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoak irabazi zituen azaroko hauteskundeak eta alderdiko zerrendaburua izango da lehen ministro. Hashim Thaci gerrilla albaniarraren buruzagi ohia independentzia «aurki» aldarrikatzeko prest agertu da: «Gure ametsa eta gure eskubidea aurki egingo dugu errealitate; Kosovo independente izango da». UCK Kosovo Askatzeko Armadako burukidea izandakoa ez dute begi onez ikusten Serbian -oraindik «terroristatzat» dute-. EB Europako Batasunak, ildo horretan, independentzia bere kabuz ez aldarrikatzeko eskatu zion, bozen ostean, Thaciri.

LDK Kosovoko Liga Demokratikoa ordura arte agintean egondako alderdiari garaitu zuen azken bozetan Thacik. Ibrahim Rugova buruzagi historikoaren alderdia bigarren gelditu zen. PDK-k, alta, gehiengo absolutua lortu ez eta koalizio gobernua eratu du LDKrekin. Fatmir Sejdiu izango da presidentea. «Independentziaren prozesua arrakastaz amaituko dugu; herritarren borondate zilegia gauzatuko dugu horrela».

Sejdiuk estu-estu lortu ditu presidente izateko botoak -63 diputaturen sostengua baino ez du jaso-hirugarren bozketan. Fatmir Sej- diu bost urtez izango da presidente, eta ez hiru orain arte bezala. 2006. urteko otsailean izendatu zuten presidente -Ibrahim Rugovaren lekua hartu zuen- eta, epea amaitu ez bazen ere, bi alderdiek adostutako koalizio gobernuaren baldintzetako bat zen presidente kargua berriz bozkatzea.

Thaciren alderdi nazionalistak zazpi ministro izango ditu eta 37 diputatu ditu Legebiltzarrean. Sejdiuren alderdi moderatuak, berriz, bost ministro izango ditu - 25 diputatu ditu Legebiltzarrean-. Gobernu berrian gutxiengoek ere ordezkaritza izango dute. Hiru ministro izango dituzte eta tartean bi serbiar izango dira. Kosovoko agintari independentistei zilegitasuna ez ematearren bozak boikotatu zituen gutxiengo serbiarrak. Belgraden agindua izan zen.



SERBIAKO HAUTESKUNDEEN ZAIN. Kosovoko independentzia aldarrikatzeko data ezarri ez bada, agintariek «aurki» izango dela adierazi dute behin baino gehiagotan. Litekeena da, ildo horretan, beste urrats bat egin aurretik otsailaren erdialdera arte aldarrikapenik ez egitea. Serbian Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte urtarrilaren 20an -lehen itzulia- eta otsailaren 3an -bigarren itzulia-, eta haietan gertatzen denak eragina izan dezake prozesuan. Kosovorenindependentziaren kontra daude serbiarrak eta arrisku horren aurrean muturreko alderdiek sostengu zabalagoa izan dezakete bozetan. Tomislav Nikolicen Alderdi Erradikalak irabaziz gero, prozesua moteltzeko arriskua dago.



«Prozesua arrakastaz amaituko dugu; herritarren borondate zilegia gauzatuko dugu horrela»

fatmir sejdiu
KOSOVOKO PRESIDENTEA




«Gure ametsa eta gure eskubidea aurki egingo dugu errealitate; Kosovo independente izango da»

hashim thaci
Kosovoko lehen ministroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.