Legebiltzarrean duten gehiengo osoa gal dezakete sozialistek Portugalen

Inkesten arabera, gaur bozkatzera deitutako 9,4 milioi lagunetatik %20 inguruk ez dute erabaki noren alde egin

Erredakzioa
2009ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Azken egunetako inkestei kasu eginez gero, esan daiteke Portugalgo Alderdi Sozialistak ia ziurra dutela garaipena gaur egingo dituzten Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Horien arabera, zortzi puntuko aldea ateratzen diete Jose Socratesen sozialistek kontserbadoreei. Hark, ordea, gehiegi ez fidatzeko eta bozkatzera joateko eskatu die jarraitzaileei, azken uneko ezustekorik egon ez dadin. Izan ere, hautesleen %20k ez dute oraindik erabaki noren alde bozkatuko duen, eta Alderdi Sozialistak egun Legebiltzarrean duen gehiengo osoa gal dezake.

Oposizioan, bai ezkerrak eta baita eskuinak ere, Socratesen azken lau urteetako hutsak gogorarazi dituzte kanpainan, eta haren aurkako botoa eskatu diete herritarrei. Manuela Ferreirak, Alderdi Sozialdemokratako buruak, garrantzia kendu die inkestei, et esan du garrantzitsuena dela agintea sozialisten esku ez erortzea. «Sinesten dut pertsonen jakindurian».

Parlamentuan inork gehiengo osoa lortzea ia ezinezkotzat jotzen dutenez, zenbait hasiak dira dagoeneko koalizioez hitz egiten. Arlo horretan, badirudi sozialdemokratek lan errazagoa izango dutela, Alderdi Popularreko buru Paulo Portas eskaintza onartzeko prest agertu delako, betiere horrek sozialistak agintetik urruntzen baditu. «Socrates ez da lehen ministro izango Alderdi Sozialdemokratak hark baino boto gehiago lortzen dituen egunean», ohartarazi du Ferreirak.

Hirugarren indarra

Ezkerreko Blokeak eta Alderdi Komunistak sozialistekin bat egin eta «benetako ezkerreko gobernua» osatzea baztertzen ez duten arren, egungo gobernuburuak uko egin dio eskaintzari. Egoera, ordea, irauli egin daiteke bihartik aurrera, bozen emaitzak jakiten direnean. Izan ere, inkesten arabera, Ezkerreko Blokea Parlamentuko hirugarren indarra bilaka daiteke, Alderdi Popularraren eta komunisten aurretik, litekeena baita zortzi diputaturen ordez hogei inguru izatea. Hori hala izanez gero, sozialistek aztertu egin beharko lukete zer komeni zaien gehiago, edo ezkerreko koalizioa osatzea, ala gutxiengo gobernuarekin konformatu, eta oposizioarekin akordioak hitzartuz joatea.

Krabelinen Iraultzatik, 1974tik, bi alderdi nagusiak tartekatu dira boterean, sozialistak eta sozialdemokratak. Azken hauteskundeetan, Jose Socrates lehen ministroaren alderdiak gehiengo osoa lortu zuen Parlamentuan. Baina lau urteotan haren sostenguak nabarmen egin du behera herritarren artean. Dena den, bi asteko kanpainaren ostean, Socratesek alde nabarmena atera dio Ferreirari, batez ere azken horrek egindako akatsen ondorioz. Besteak beste, Espainia eta Portugal arteko abiadura handiko trenaren kontra egin du, eta estatuburuaren kontrako ustezko espioitza sarea ere salatu du.

Talde guztiak, baina sozialistak eta kontserbadoreak batez ere, saiatu dira hautesle gazteenen botoa bereganatzen. Normalean horien artean abstentzioa izaten da nagusi, baina oraingoan bi alderdiek izango dute horien beharra, bien arteko alde txikia kontuan hartuta. Gaur 700.000 hauteslek izango dute lehen aldiz bozkatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.