Georgiako Legebiltzarrerako botoen %40 zenbatuta, ez dago zalantzarik nork irabazi dituen hauteskundeak. Mikhail Saakashviliren Mugimendu Nazional Batuak botoen %64 lortu baititu. Oposizio Bateratua geratu da gertuen, botoen %13,8rekin. Nazioarteko begiraleek ere berretsi egin dituzte emaitzak, eta ziurtatu dute gora-behera txikiak egon diren arren, ez dela iruzurrik egon. «Ez dira hauteskunde hoberenak izan, baina presidentetzarako bozekin alderatuta nabarmen hobeak izan dira», adierazi du ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko kide Joao Soaresek.
Oposizioko taldeek, ordea, ez dute garaipena onartu, eta manifestatzera deitu dituzte jarraitzaileak. «Borrokatu behar gara hauteskundeetako emaitza ofizialak herritarren iritziarekin bat etor daitezen», adierazi du Georgi Targamadzek, Mugimendu Demokrata Kristauko buruzagiak. Alderdiak botoen %8,06 soilik lortu zituen herenegungo Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Beste batzuekin alderatuta, baina, zortea izan dute MDK-koek; izan ere, oposizioko zortzi talde Parlamentutik at geratu dira, gutxieneko %5era iritsi ez direlako.
LASAITASUNERAKO DEIA. Gobernuaren aurkako protestak saihesteko asmoz, lasaitasunerako deia egin zuen atzo Saakashvilik, iragarriz ez dutela erabakirik hartuko aurretik oposizioarekin eztabaidatu gabe. «Gobernuan dagoen alderdiak Legebiltzarrean gehiengoa izango duen arren, ez dugu Konstituzioan aldaketarik egingo haiekin hitz egin gabe». Bide beretik, nabarmendu du oposizioak ere izango duela aukera Exekutiboaren erabakietan parte hartzeko.
Bozetan izandako garaipenak Saakashviliren gobernua indartuko du Mendebaldearen aurrean, eta hori da hain zuzen ere Batzorde Eragileak hasieratik lortu zuena. Izan ere, gauza batean ados daude oposizioa eta Gobernua, alegia herrialdeak NATOn sartu behar duela. Izan ere, horrek estatuak Europan duen rola sendotuko luke. Bestalde, Abkhaziaren inguruan Errusiarekin duten gatazka amaitzen lagunduko luke Aliantza Atlantikoan sartzeak. Abkhaziak independentzia aspaldi onartu eta lurralde autonomo gisa lan egiten badu ere, Georgiak bere menpeko eskualdetzat du. Errusiak, aldiz, sostengatu egiten ditu independentziaren aldeko taldeak.
Legebiltzarrean gehiengo absolutua izango du Georgiako presidentearen alderdiak
Oposizioak aurkakoa esan arren, nazioarteko begiraleek ukatu egin dute iruzurra egon dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu