Legebiltzarreko sarrera oztopatu dute Mubaraken aurkariek Egipton

Presidenteak konstituzioko hainbat artikulu aldatzea onartu duen arren, ez du lortu herritarren haserrea baretzeaLiskarrak beste hainbat hiritara zabaldu dira; hegoaldean lau lagun hil ditu Poliziak

2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Indar erakustaldia egin dute azken bi egunotan Hosni Mubarak presidentearen aurkariek Egipton. Protestak hasi eta bi aste geroago manifestarien indarrak agortzen hasi zirela bazirudien ere, iraultza demokratikoa suspertu egin da, berriz ere. Tahrir plazan gainezka egin zuten oposizioko kideek, atzo; armadak ezin izan zion manifestarien presioari aurre egin, eta inguruko kaleetara zabaldu ziren protestak. Legebiltzarreko sarreran ezarri dute orain protesten epizentroa.

Gobernuak herenegun iragarri zuen armada bidaliko zuela Legebiltzarraren atarian kanpatutako lagunak kanporatzeko. Atzo, baina, Tahrir plazatik jendetza batu zitzaien. Soldaduek eraikina zaintzen dute manifestariak hesia gainditu eta Legebiltzarrean sar ez daitezen.

Langileen lanuzte eta eserialdi masiboek, bestalde, herrialdea geldiarazi dute egunotan. Soldatak %15 igotzea exijitzen dute, funtzionarioei gobernuak eskainitako igoera bera, hain justu. Grebari eusteko eskatzen ari dira oposizioko kideak. Era horretan erregimenari presio egitea dute helburu, Mubarak dimisioa aurkeztera behartzeko. 3.000 garraiolari inguruk ere grebarekin bat egin dute, eta Kairon trenen joan-etorria nabarmen murriztu da. Zabor biltzaileek, musikariek eta unibertsitateko irakasleek ere erabaki bera hartu dute, besteak beste. Herenegun Suezko kanaleko 6.000 langilek erabaki zuten lanera ez joatea.

Herritarrak baretzeko, konstituzioko sei artikulu aldatzea onartu du presidenteak. Besteak beste, Mubaraki behin eta berriz hauteskundeetara aurkeztea ahalbidetzen dion neurria aldatuko dute. Presidentearen PND alderdi Nazional Demokratikoko hautagaiak ez direnei boterera heltzeko bidea erraztuko diete; orain arte oztopo ugari gainditu behar zituzten horretarako.

Gobernuak, baina, ez du manifestariak asetzea lortu. Are gehiago, Omar Suleiman presidenteordearen hitzek oposizioko kideen haserrea handitu dute; herenegun, herrialdea demokraziarako prestatuta ez dagoela esan zuen. Era berean, gobernu berriak martxan jarri dituen neurriak huts egiten badute estatu kolpe bat jasateko arriskua dagoela adierazi zuen.

AEBen ustetan, adierazpen horiek ez dute ezertan laguntzen. Atzerakorik ez duen trantsizioa berehala martxan jartzeko eskatu dio Joe Biden AEBetako presidenteordeak Suleimani.

Liskarrak zabaldu dira

Kairo kaos egoeran murgildu da azken bi asteotan. Baina, orain arte Alexandria eta Suez hirietan piztu diren liskarrez gain, gainontzeko hiri eta herrietan egoera nahiko bare mantendu da. Protestak, baina, zabaltzen hasi dira. Atzo, hegoaldeko oasi batean poliziaren eta manifestarien arteko liskarretan lau lagun hil ziren gutxienez, eta beste 60 inguru zauritu ziren.

Gazte batzuk atxilotzeak herritarren haserrea piztu zuen, eta polizia etxera hurbildu ziren protesta egitera. Tokikoen arabera, manifestarien uholdea kontrolatu ezin zutela ikusita tiro egin zuten poliziek.

Port Said hirian ere, Egiptoko ipar-ekialdean, hainbat manifestarik gobernatzailearen autoari su eman zioten eta eskualdeko gobernuaren egoitza inguratu zuten. Agintariek hitzemandako etxebizitza batzuk ematen ez zizkielako bildu ziren herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.