Maoistak diputatu gisa aritzea xedatzen zuen behin-behineko konstituzioa onartu zuen aurretik, iazko apirilean, Legebiltzarrak. Hiru urte eta erdiko etenaldi baten ostean, berriro lanean hasi zen orduan Parlamentua. Legebiltzarra 1999. urteko hauteskundeen ondorioz eratu zen. Gyanendra erregeak, baina, 2002. urteko urriaren 4an desegin zuen, botere guztiak bere eskuetan hartu zituenean alegia. Iazko urtarrila eta apirila artean egon ziren mobilizazioak beharturik, erregeak berriro jardunean jarri zuen Legebiltzarra.
Subwash Nemwang Legebiltzarreko presidenteak desegin zuen aurreko parlamentua: «Onartu dugun behin-behineko konstituzioak xedatzen duen legez, oraingo legebiltzar hau deseginda jotzen dut». Aldarrikatze hori egin eta jarraian, datorren ekainean hauteskundeak egin bitartean jardunean egongo den behin-behineko legebiltzarreko ordezkariak banan-banan izendatu zituen. Alderdi politikoek izendatutako diputatuen artean, historian lehenen aldiz 83 maoista egongo dira.
Amik Sherchan Nepalgo lehen ministrordeak erakundea demokraziaren garaipena dela adierazi zuen: «Sistema autokratiko eta feudalari demokraziak gailentzearen emaitza da». Sushil Koirala Nepalgo Kongresuko presidenteordeak pauso garrantzitsutzat jo zuen emandakoa: «Nepalen bakea eta segurtasuna bermatzeko bidean garrantzi handiko urratsa da». Maoistak, berriz, pozik agertu ziren, baina erabakia nahi baino geroago datorrela adierazi zuten. Krishna Bahadur Mahara maoisten eledunak egin zituen adierazpenak: «Legealdi honetako jardueretan parte hartzeko aukera berandu etorri da».
Iazko azaroaren 21ean hitzartutako akordioaren emaitza da atzo eratu zen legebiltzarra. Gyanendra erregeak kale protesten eraginez berriro jardunean jarritako gobernuko zazpi alderdi politikoek eta gerrilla maoistak boterearen banaketarako itun bat egin zuten orduan. Bertan hitzartu zen maoistak ordezkariak izango zituen behin-behineko legebiltzar bat eratuko zela aurtengo ekainean hauteskundeak egin bitartean. Boz hauen ostean osatuko den legebiltzarrak konstituzio berri bat moldatuko du. Parlamentu honi egokituko zaio erregetza onartuko duten ala ez.
MAOISTEK GARAIPENA IRAGARRI DUTE. Erregetza mantenduko balitz ere, nahiko argia da erregeak ez duelaia batere botererik izango. Legebiltzarra apirilean berriro jardunean jarri bezain laster, erregeari botere gehienak kendu zizkioten lege andana onartu zuten diputatuek. Girija Prasad Koiralak bereganatu zituen erregearen botereak, iazko apirilaren 30ean lehen ministro izendatu zuenean. Nepalgo Kongresua alderdikoa da Koirala.
Sistema monarkikoa amaituko dutela ohartarazi dute maoistek. Hurrengo hauteskundeetan indar politiko nagusia bihurtuko direla iragarri zuten joan den astean bertan. Gyanendra erregearen oposizioko indar politikoen aliantzarekin iazko ekainean egindako akordioaren arabera, gerrillari maoistek armak utzi egingo dituzte. Berez atzo ziren desarme prozesuarekin hastekoak, baina, arazo logistikoak zirela medio, bi edo hiru egunez atzeratu da aurreneko entrega. Nazio Batuen Erakundearen zaintzapean egongo diren zazpi kuarteletan elkartuko dituzte armak. NBEko arma behatzaileak aste honetan bertan dira Nepalera iristekoak.
Prozesu politiko honekin bakea sendotzea espero da, hamar urte iraun duen gerra zibila behin betiko amaitzea. Maoistek 1996. urtean ekin zioten borroka armatuari. Birendra erregea zegoen orduan agintean. Gizarte bidegabea salatzeko helburua zuen borroka armatu honen ondorioz, 13.000 lagunek galdu dute bizia.
kronologia
Monarkia absolututik maoisten sarreraraino
2001eko ekainaren 1a: Birendra erregea eta errege familiako zortzi kide hil ziren oraindik argitu gabe dagoen eraso batean.2001eko ekainaren 4a: Birendra errege ohiaren anaia, Gyanendra printzeak, errege kargua hartu zuen.
2002ko urriaren 4a: Gyanendra erregeak 1999. urtean bozetan hautaturiko legebiltzarra eta gobernua desegin zituen.
2004ko apirilaren 1a: Egun horretatik aurrera egunero manifestazioak egiten hasi ziren oposizioko bost alderdi nagusiak. Errepideak ere itxi zituzten.
2004ko apirilaren 6a eta 7a: Greba orokorra egin zen, maoistek deituta.
2004ko maiatzaren 7a: Erregeak izendatutako lehen ministroak, Surya Bahadur Thapak, dimisioa eman zuen.
2005eko otsailaren 1a: «Gerrillarekin amaitzeko gai ez zelakoan», Gyanendra erregeak Gobernua desegin zuen eta botere guztiak bere gain hartu zituen.
2005eko azaroaren 22a: Oposizioko alderdiek eta maoistek «demokrazia berriz ezartzeko» akordioa egin zuten.
2006ko urtarrilaren 26a: Oposizioak greba orokorra antolatu zuen.
2006ko otsailaren 8a: Erregeak antolatutako bozetan parte-hartzea oso txikia izan zen.
2006ko apirilaren 6a: Oposizioak eta maoistek greba orokor amaigabea egitera deitu zuten.
2006ko apirilaren 10a eta 11: AEBek eta EBk «demokrazia berriro indarrean jartzeko» exijitu zioten Gyanendra erregeari.
2006ko apirilaren 24a: Legebiltzarrariboterea itzuli zion erregeak.
2006ko apirilaren 30a: Girija Prasad Koiralaren gobernua indarrean jarri zuenGyanendrak.
2006ko azaroaren 21a: Nepalgo zazpi alderdi politikoek eta maoistek bake prozesua izenpetu zuten.
2007ko urtarrilaren 15a: Nepalgo behin-behineko legebiltzarrean sartu ziren lehen aldiz ordezkari maoistak.