Lehen bozketan Masek ez du lortu Kataluniako presidente kargua

Aurretik iragarri bezala, CiUko diputatuek ez beste guztiek ezezko botoa eman diote Masen hautagaitzari

Erredakzioa
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
CiUko 62 diputatuen aldeko botoak jaso zituen atzo Artur Masen hautagaitzak Kataluniako presidentetzarako inbestidura saioko lehen bozketan. Gainontzeko alderdietako 73 diputatuek, aldiz, ezezkoa eman zioten. Hori horrela, osteguneko bozketara arte itxaron beharko du CiUko liderrak Generalitateko presidente izendapena lortzeko.

Osteguneko bozketan gehiengo sinplea —aldeko boto gehiago, aurka baino— nahikoa izango du Masek. Horretarako, baina, hamabi diputatu konbentzitu beharko ditu absteni daitezen.

Asteleheneko hitzaldian, Masek, katalanen erabakimena bermatzeko, trantsizio nazionalari ekitea proposatu zuen. Eta gainontzeko alderdiei CiUrekin bat egin dezaten eskatu zien.

Joan Puigcercos ERCko zerrendaburuaren arabera, Masen diskurtsoa «anbiguoa» da. Hitzaldian, kanpainan agindutako aldaketa baino gehiago, aurreko garaietara itzultzea nabaritu zuela gaineratu du. Masek, aldiz, autodeterminazio erreferenduma ERCren konpromisoa dela gogorarazi dio Puigcercosi, ez CiUrena. Joan Laporta SolidaritatCatalanako buruak Masi Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko erronka bota dio.

PPCri eta PSCri, ostegunean abstenituz gero, Katalunian «Ibarretxe eredu» bat ezartzearen konplize izango direla esateko baliatu du hitzaldia Ciutadanseko Albert Riverak. Izan ere, azken bi alderdi horiek ez dute argitu ostegunean zer egingo duten. Horiengan du jarria Masek itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.