Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiak aditzera eman du lehen zenbaketetako datuen arabera berak jaso duela babesik handiena. Bigarren lekuan Al Nur alderdi salafista dagoela gaineratu dute, eta hirugarrena Bloke Egiptoar alderdi liberala izan da, betiere amaitu gabeko kontaketen arabera. Egiptoko Hauteskunde Batzordeak, baina, aditzera eman du bozen lehen faseko emaitzak gaur arte atzeratuko direla, bozkalekuetako zenbaketak berandutu egin direlako eta atzerrian bizi diren egiptoarren bozak oraindik ez direlako iritsi. Egiptoko 27 probintzietatik bederatzitako herritarrak joan dira astelehenean eta asteartean bozkatzera, gainerako eskualdeetakoak datozen hilabeteetan egingo baitituzte, bigarren eta hirugarren faseetan.
Lehen hauteskunde fasean parlamentuko 498 ordezkarietatik 168 aukeratu dituzte, eta gainerakoak abenduaren 14ko eta urtarrilaren 3ko bozetan hautatuko dituzte. Parlamentuaren lehen zeregin nagusia Egiptoko Konstituzio berria idaztea izango da.Otsailetik, Hosni Mubarak presidente ohia boteretik kendu zutenetik, egin dituzten lehen bozak izan dira, eta herritar asko joan da botoa ematera: astelehenean, esaterako, bi orduz atzeratu zuten bozkalekuak ixteko ordua, ilara luzeak baitzeuden leku askotan.
Azken astean Junta Militarraren kontra izaniko protesten ondorioz, bozen inguruko giroa berotu da. Aktibistek bozei boikota egiteko eta militarren egitasmoei zilegitasuna kentzeko aukera izan dute. Baina azkenean ez diote botoa emateari uko egin, eta «egiptoar xehekin» bat egin dute.
Zailtasunik eta istilurik ez izateko, baina, soldaduak eta poliziak zaindu dituzte bozkalekuak, eta liskar txikiak salbu, herritarrek arazorik gabe eman ahal izan dute botoa. Gainera, nazioarteko Carter insititutua arduratu da hauteskundeak ikuskatzeaz, eta hark ez du arazo berezien berririk eman. Bozkaleku bakarrean izan dira istiluak, baina berehala konpondu dira.
Lehen datuen arabera, Anaia Musulmanek lortu dute boto gehien
Egiptoko hauteskundeen lehen faseko emaitzak gaur jakingo dira; bigarren lekuan salafistak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu