Lehen «herri katalan askeak»

Kataluniako bi udalek herriak «lurralde katalan aske» deklaratu, eta burujabetza aldarrikatzeko eskatu diote parlamentuariEspainiako legeak behin-behinean beteko dituzte, «legedi propioa ezarri arte»

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Independentzia nahia poliki-poliki gauzatzen ari da Katalunian, eta udalek ekin diote parlamentuari presio egiteari. Horren erakusle da Osona eskualdean Sant Pere de Torelloko udalak herria «kanpoko esku hartzerik gabeko lurralde katalan aske» deklaratzeko onartu duen mozioa. Herenegun, ezohiko udalbatzar batean, ERCri lotutako Entesa-AM herri plataformako hamar zinegotziek eta CiUko beste batek aho batez onartu zuten idatzia. Independentzia nahiari erantzuteaz gain, parlamentuari datozen bi hilabeteetan «aldebakarreko burujabetza nazionala» aldarrika dezala eskatu diote. Sant Pereko ekimenak jarraipena izan du, eta Calldetenes herrian ere, eskualde berean, mozioa onartu dute, ERC, CiU eta CUP alderdietako ordezkarien aldeko botoekin.

Jordi Fabrega da Sant Pere de Torelloko alkatea eta, haren hitzetan, bi aukera soilik ditu Kataluniak: «Mariano Raxoi Espainiako presidentearen zentralizazio prozesuari amore ematea edota independentziarako bidea urratzea». Calldetenesko alkate Marc Verdaguerren arabera, berriz, independentziaren aldeko urratsak «atzeraezin» bihurtu behar dira, eta «aldiro gehiagoren bila» joan behar da. Parlamentuari burujabetza aldarrikatzeko eskatzea euren lanaren «jabe izateko» nahia adieraztea dela nabarmendu du Verdaguerrek. «Espainiatik bereizteko prozesua abiarazteko eskatuta, geurea dena eskatzen dugu», azaldu du.

Datozen asteetan, Vic eta Sant Cugat herrietako udalek bozkatuko dute burujabetzaren aldeko mozioa, CUP alderdiak bultzatuta. Vicen kasuan, irailaren 17ko udalbatzarrean izango da, baina Sant Cugateko Udalak oraindik ez du zehaztu noiz bozkatuko duen. CUP ziur dago bi udalek onartuko dutela mozioa, «AMI Kataluniako Udal Independentisten Elkarteko kideak direlako». ERC alderdiak mozioaren edukia bera ebazpen modura erregistratuko du parlamentuan. Horrez gain, joan den astean, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuen Katalunia Espainiatik bereiztea nazioarteko legediaren barruan eztabaidatu beharko litzatekeela.

Mozioa onartu duten udalerrietan, behin-behinean bete beharko dituzte Espainiako legeak, «Kataluniako Parlamentuak legedi propioa ezarri arte». Izan ere, «nazio katalan erabat burujabea» aldarrikatzeko eta «estatu katalan independente, demokratiko eta soziala» eraikitzeko exijitzen dio mozioak parlamentuari. Zehazki, Espainiatik bereiztea zilegi izateko, «banku nazionala, zerga sistema propioa eta justizia modu independentean kudeatzea» eskatu dituzte mozioa onartu duten udalek.

Kritiko Espainiako ikurrekin

Independentziaren aldeko herri galdeketekin hasi eta AMIren sorrerarekin areagotu zen prozesuak burujabetzaren aldarria indartu badu ere, zenbait ekimenek Espainia zatitzerik nahi ez dutenak haserrearazi dituzte. Izan ere, Vilassar de Dalt herriko udalak Espainiako bandera balkoian ez jartzeko erabakia hartu du, eta halaxe jakinarazi dio Xavier Godas alkateak Espainiako Gobernuaren Kataluniako ordezkariEmilio Ablanedori. Honek, ordea, halako erabakia hartuta gobernuak «erantzun» egin dezakeela ohartarazi dio Godasi.

Vilassarko Udalak martxoaren 28n errefusatu zuen Espainiako bandera jartzeko eskatzeko PPk aurkeztutako mozioa. Abuztu hasieran, Ablanedok gogorarazi zion bandera hori ezartzea «derrigorrezkoa» dela, eta hogei egun eman zizkion egoera «normala» ezartzeko. Godasek, ordea, udalbatzaren erabakia berretsi du, eta adierazi du azken hogei urteetako egoerari eusteak ez duela inoren eskubiderik urratzen. Legeak betetzeko daudela onartu badu ere, «politikan eztabaidatzea eta ondorioak onartzea» zilegi dela azaldu du Godasek.

Bestalde, mozioan egutegi propioaren alde egin dute. Eta lanegun arrunt izendatu dute urriaren 12a; Espainiako Indar Armatuen egun nazionala, alegia. Hain justu, oraintsu, Francisco Alaman koronela kexu azaldu da Katalunian independentziaren aldarria indartu delako, eta burujabetza lortzen saiatuz gero militarki esku hartzeko mehatxua egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.