Greziako Hauteskundeak

Lehen ministro karguaren zina egin du Alexis Tsiprasek

Tsiprasen alderdia gehiengo osotik bi eserlekura geratu da, baina Greziar Independenteek babesa emango diote Syrizaren gobernuari. "Oligarkiaren Greziak galdu du gaur; langileen Greziak irabazi du", esan du Tsiprasek bart.

Jon Fernandez (berriemaile berezia)
2015eko urtarrilaren 26a
18:16
Entzun

Egunsenti gozoa da gaurko Grezian Syrizarentzat. Urtarrilaren 25eko hauteskundeak irabazi ditu, eta ordu gutxi batzuetan Alexis Tsiprasek lehen ministro kargua zin egin du. Gaur goizean jaso du gobernua osatzeko agindua, eta Greziar Independenteak alderdi eskuindarrarekin bildu eta horren babesa eskuratu du.

Karolos Papulias presidentearen aurrean egin du zin Tsiprasek. Aurretik Atenasko artzapezpikuarekin bildu da jakinarazteko ez zuela formula erlijiosorik erabailiko zin egiteko ekitaldian. Ondoren joan da presidentearen egoitzara kargua zin egiteko.

Kontserbadoreen babesa

"Babesa eskaini diot herrialdean errealitate sozial eta politiko bat eraiki ahal izateko", esan du Panos Kammenos kontserbadoreak bozetako irabazlearekin bildu ostean. Hala, Tsiprasek gaur bertan egin du karguaren zina eta bihar edo etzi iragarriko du gobernu berria.

Zenbait iturriren arabera, litekeena da Kammenosen kontserbadoreentzat izatea gobernu horretako bi ministerio.

Kontserbadoreen konfiantzak, ordea, badu baldintza bat; izan ere, kontserbadoreak ez daude prest To Potamirekin batera joateko. Hala ere, Tsipras To Potamiko Stavros Theodorakisein biltzekoa da egunean zehar, eta baita KKEko buru Dimitris Kutsumbasekin ere.

Gehiengo osotik, hurbil

Botoen %100 zenbatuta, guztien %36,34 jaso ditu, eta 149 eserleku lortu ditu Greziako Parlamentuan; gehiengo osoa lortzeko bi faltan geratu da. Panos Skourletis bozeramaileak gaur goizean ironikoki esan du hondamendirik ez dela izan: "Eguzkia atera da, kutxa automatikoek dirua ematen dute, eta jendea lanera doa".

Garaipenaren ondorengo lehen agerraldian Tsiprasek esan zuen austeritatearen amaiera iritsi dela Grezian eta troika iraganeko kontua dela.

Syrizaren atzetik, botoen %27,81ekin gelditu da orain arte gobernuan izan den ND alderdia, 76 eserlekurekin; Egunsenti Urrekara da hurrena, botoen %6,28rekin eta 17 parlamentarirekin; To Potamik 16 eserleku atera ditu, eta botoen %6,05; KKEk 15 eserleku dauzka, botoen %5,47 lortuta; eta Greziar independenteek eta Pasok alderdiak 13 eserleku dituzte (botoen 4,75 eta 4,68, hurrenez hurren).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.