Rhodri Glyn Thomas galesa bultzatzeko legea idatzi zuen Galesko Asanbleako Kultura Batzordeko presidentea zen 2002ko martxoan, araua onartu zenean. Plaid Cymru alderdi nazionalistako diputatua da.
Gogor gaitzetsi duzu Jane Davidson Galesko Asanbleako Hezkuntza ministro laborista. Galesa bultzatzeko legearen «porrota» egotzi diozu. Zertan datza hutsegite hori?
Porrota izan da Asanblea ez delako gauza izan estrategia nazionala ezartzeko galesaren hezkuntzaren legea gauzatzeko, hau da, hizkuntzaren irakaspena haur orori helarazteko. Hori gabe ez du gora egingo galesak. Legearen helburua galesdunen ehunekoa %5 areagotzea zen 2010erako. Hori lortzeko modu bakarra hezkuntza da eta laboristen gobernuak ez ditu horretarako aurrekontuak handitu nahi izan. Horrez gain, estrategia nazionalari muzin egiten dio. Galesezko hezkuntza tokian tokiko erakundeen kontua dela argudiatzen du, eta aurrekontuak hortik atera behar direla. Ondorioa zera da: ia guraso guztiek nahi dute hezkuntza elebiduna beren haurrentzat, eta askok ezin dute izan.
Alderdi laboristaren jarrera horrek interes ezan du jatorria? Edo estrategia politiko antolatua dago?
Bietatik dagoela uste dut. Davidson ministroak beti baztertu du erabat estrategia nazionala eratzeko ideia. Baina, horrez gain, Rhodri Morgan lehen ministroaren aldetik ere konpromiso falta nabarmendu da. Morganek berak izan behar zuen bultzatzaile nagusi, Gobernuak serio hartuko balu galeserazko hezkuntza zabaltzea.
Zu zinen legearen sortzaileetako bat. Laboristek bestelako jarrera al zuten 2002an, araua onartu zenean?
Hizkuntzaren etorkizunaren inguruko txostena idatzi genuenean, aho batez onartu zen testua. Hori izan zen legearen oinarria, eta Asanbleako ordezkari guztiek onartu zuten.
Eta halere, legeak helburutzat zuen hazkuntzak %10 belaunaldi batean ez du ausartegia ematen.
Ez genuen egitasmo ausartegia egin nahi izan. Hezkuntza elebiduna haur guztiei emateko ahalegina serio hartuz gero, zalantzarik gabe lortuko genuke hiztunen kopurua bikoiztea. Hau da, benetako ahalegina eginda, %35-36ra helduko ginateke belaunaldi batean.
Irailean bilkura berezia egingo du Asanbleak gaia jorratzeko. Zer eskatuko duzue orduan?
Serioa izateko eskatuko diogu lehen ministroari. Berak esan beharko lioke Hezkuntza ministroari jar ditzala behar diren baliabide guztiak Galesko haur guztiek izan dezaten aukera galesa ikasteko.
BESTE BATASUNA. RHODRI GLYN THOMAS
«Lehen ministro Morganen utzikerian datza ahaleginaren hutsa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu