Erresuma Batuko biztanleek Komunen Ganberako 646 ordezkari aukeratu beharko dituzte gaur. Horietako 529 Inglaterran aukeratuko dira, 59 Eskozian, 40 Galesen, eta 18 Ipar Irlandan.
Ingalaterran eta Eskozian izan zen atzo Blair. Ekonomia sendotzearen garrantziaz eta kontserbadoreek boterea eskuratzearen arriskuaz aritu zen. Herritarrak bozkatzera deitu zituen, etxean geratuz gero, kontserbadoreen mesederako izango zela ohartaraziz. Ordu batzuk lehenago, bestalde, Irakeko gerraz aritu zen Blair. «Hartu ditudan erabakietako batzuk zailak izan dira. Baina lehen ministroak ez du kritikatzeko aukerarik. Erabakiak hartzea da haren eginbeharra».
Azken agintaldia Hau bere azken agintaldia izango zela iragarri zuen kanpaina hasi eta berehala Blairrek. Baina hurrengo bozak arte karguan jarraituko zuela ere nabarmendu zuen. Hala ere, zenbait adituren arabera Europako Konstituzioari buruzko erreferendumaren emaitzen araberakoa izango da agintaldia. Galdeketan ezezkoak irabaziz gero, Blairrek kargua jarduneko Ekonomia ministro Gordon Brownen esku utziko duela diotenak asko dira.
Uztailetik aurrera Erresuma Batuak hartuko du Europako Batasuneko buruzagitza eta 2006an, berriz, Konstituzioaren inguruko galdeketa egingo dute. Aurretik EBko beste herrialde guztietan egingo da eta horietan baiezkoa ateraz gero, Gobernuak eginahal guztiak egin beharko ditu aldeko botoa lortzeko. Bozetarako kanpainako gai nagusietako bat izan da hori. Surreyn, Anglia ekialdean eta Yorkshiren izan zen atzo Howard. Immigrazioaren aurkako eta osasun zerbitzuak eta heziketa hobetzeko kontserbadoreen egitasmoa aurkeztu zuen horietan. Immigrazioa izan da kanpaina honetan aipatutako beste gaietako bat. Etorkin asko bizi dira Erresuma Batuan, baina atzerritarrekiko beldurra zabaldu egin da AEBetako eta Espainiako erasoez geroztik. Kontserbadoreek immigraziorako kuota bat jartzea eta asiloa eskatzen dutenei azterketa zorrotzagoak egitea proposatzen dute. Alderdi Liberal Demokratak ere bere kanpainarekin jarraitu zuen atzo. «Jendearen arazoetarako benetako irtenbideak aurkitu nahi ditugu», esan zuen Kennedyk. Liberal demokratei botoen %23 eman zizkieten inkestek atzo. Irakeko gerraren aurka agertu zen hiru taldeetatik bakarra izateak eragin du gorakada hori, besteak beste. Charles Kennedyren esanetan, eurak dira Erresuma Batuaren «benetako alternatiba» eta horregatik da Alderdi Laborista euren beldur.
erresuma batua
Lehen ministroa aukeratzeko bozak egiten ari dira gaur
Erresuma Batuko hauteslekuak goizean goiz ireki dira, eta 44 milioi lagunek botoa emateko aukera izango dute, Komunen Gaberako eserlekuetan nor eseruko den erabakitzeko. Inkesta guztien arabera, Tony Blairrek irabaziko ditu berriz ere bozak, eta horrenbestez, bozak hiru aldiz jarraian irabazten dituen lehen buruzagi laborista izango da. Inkestek 14 puntuko aldea ematen zioten atzo Alderdi Laboristari, kontserbadoreekiko. Horrek, berriz, inoizko beherakadarik handiena izango zuela zioten. Botoen %27 lortuko dituztela zioten inkestek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu