Irak

Lehen ministroaren taldea doa nagusi probintzietako hauteskundeen boto zenbaketan

Mahaien %90 zenbatu dituzte, eta bozak izan diren 14 probintzietatik Al Maliki oraingoz bederatzitan garailetzat jotzen dute behin-behineko emaitzek. Al Anbar probintziako leinuetako buruzagiek probintzian iruzurra izana salatu, eta hango botoen zenbaketa berriz egiteko exijitzen dute.

2009ko otsailaren 5a
19:33
Entzun
Irakeko 18 probintzietatik 14tan hauteskundeak egin zituzten (okupaziopean, betiere) joan den urtarrilaren 31n, eta oraindik behin betiko emaitzik ez badago ere, agintean den Nuri al Maliki lehen ministroaren koalizioa doa nagusi zenbaketetan. Hauteskunde mahaien %90 dituzte orain arte zenbatuta. Halere, Al Anbarren eta beste probintzia batzuetan iruzur salaketa ugari izan dira, eta horiek ere ikertzen hasiak dira.

Hauteskunde Batzordeak gaur emandako datuen arabera, Al Malikiren Zuzenbideko Estatuaren Koalizioa nagusitu da bederatzi probintziatan. Bigarren lekuan Shahid al Mihrab taldea geratu da; talde hau Abdelaziz al Hakim buruzagi erlijiosoaren SIA Aliantza Islamiko Gorenari lotua dago.

Al Maliki eta Al Hakim egungo koalizio gobernuko kideak diren arren, bozetara nor bere aldetik aurkeztu dira beren taldeak. Hauteskunde Batzordeak ez ditu oraindik kopuruak eman, baina aurreratu duenez, Bagdadeko probintzian Al Malikiren (xiita) taldeak botoen %38 lortu ditu.

Halarik ere, Al Anbar probintziako leinuetako buruzagi batzuek iruzurra egon izana saltu dute, eta botoen zenbaketa berriro egiteko exijitu diote Hauteskunde Batzordeari. Irakeko lehen ministrordeak (sunita) ere eskatu du ikerketa egiteko. Beste probintzia batzuetan ere iruzur eta irregulartasun salaketak izan dira, baina ez Al Anbarkoak bezainbat.

Bien bitartean, egunero erasoak egiten segitzen dute batzuek eta besteek (okupazio indarrak eta hauen kolaboratzaile irakiarrak, milizia sektarioak, erresistentziako taldeak, Al Kaedari lotutako taldeak...). Gaur, esaterako, Irakeko ipar-ekialdeko Dijala probintzian gutxienez 12 lagun hil dira ekintza suizida baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.