Espainiako gobernabidea

Lehen saioan, gehiengo absolututik sei diputatura gelditu da Rajoy

Bide "birzentralizatzailean" jarraitu nahi izatea egotzi dio Aitor Estebanek Rajoyri, eta Marian Beitialarrangoitiak premiazkotzat jo du PPz gain haren "politika antisozialak" gobernutik ateratzea. Ostiral arratsaldean egingo dute bigarren bozketa, eta gehiengo soila beharko du Rajoyk.

Mariano Rajoy, Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
2016ko abuztuaren 31
07:45
Entzun

Lehen saioan kale egin du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentegaiak. Gehiengo absolutua behar zuen aurreneko bozketan, baina ez da sorpresarik izan: PP, Ciudadanos eta CCren diputatuen babesa jaso du (170), baina kontra bozkatu dute gainerakoek (180). Inor ez da abstenitu. Gauzak horrela, bigarren aukera bat izango du Rajoyk ostiralean; gaurko babesez gain, ezezkoak baiezkoak baino gutxiago izatea beharko du, baina ezein alderdi ez da horretarako prest agertu.

Espainiako Kongresuan, Rajoyren inbestidura saioa egin dute, eta arratsaldean hartu dute hitza euskal ordezkariek. EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak, Arnaldo Otegiren aldeko txapa paparrean zuela, beharrezkotzat jo du PP eta "bere politika antisozialak" Espainiako Gobernutik ateraraztea "benetako aldaketa" eman dadin: "Euskal eta espainiar gizarteek ez dute duina ez den gobernua merezi". Hala ere, Beitialarrangoitiak ez du hori nahikotzat jo: "Burujabetza osoa behar ta merezi dugu, egungoaren aurkako norabidea hartzeko".

Iñigo Alli UPNko diputatuak klase politikoari egin dio kritika: "Hau amesgaiztoa da. Hemen bota diren mezuak ez dira herri honek behar dituenak". UPNk eta PSNk Nafarroan eginiko itunak gogora ekarri ditu, Pedro Sanchezi mezua bidaltzeko: har dezala Nafarroako akordio horien eredua.

EAJko diputatu Aitor Esteban izan da aurrenekoa, eta Rajoyk bezperan eginiko hitzaldia kritikatu du; "zaharkitua" iruditu zitzaion. Euskal naziotasuna defendatu du Estebanek, eta Rajoyri gogorarazi dio Espainiako ezein konstituziok ez duela izan euskal herritarren babesa.

2011 eta 2015 bitarteko legealdian Rajoyren gobernuak euskal autogobernuari eginiko urraketak zerrendatu ditu Estebanek, eta "bide birzentralizatzailean" jarraitu nahi izatea leporatu dio. Gogoan izan ditu, esaterako, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako arauen aurka Madrilek jarritako helegiteak eta Nafarroan ETB ikusteko oztopoak; ildo horretan, gizarte segurantzaren eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu du, hura bermatzeko modu bakarra dela iritzita. Elkarrizketarako atea zabalik utzi du Estebanek hitzaldi amaieran: "EAJ beti dago hitz egiteko prest, baina ez zen Espainiako arazoak konpontzeko jaio".

Rajoyk bestela deskribatu du EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana azkenaurreko legealdian. Gogora ekarri du EAJk Espainiako Gobernuaren 56 lege proiektu babestu dituela Espainiako Kongresuan, eta PPren gobernuak Euskal Y-ari emandako bultzada nabarmendu du; baita Madrilek finantza erreforman Kutxabanki emandako babesa ere. "Nire gobernuak euskal herritarren beharrei erantzun die une oro", esan du Rajoyk.

Beitialarrangoitiari erantzunez, Rajoyk esan du ezin dela harekin ados egon, eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea espainiarren erabakitzeko eskubidearen aurkakoa dela. Otegiren inhabilitazioaz ere erantzun dio: "Espainian botere banaketa dago, eta auzitegien ebazpenak bete egiten dira".

Rajoyk, Sanchezi: "Ez dizut eskatzen zure konfiantza, gobernatzen uzteko baizik"

PSOEko Pedro Sanchezen hitzartzearekin hasi da inbestidura saioa. Proiektu desberdinak eta kontrajarriak dituzte PPk eta PSOEk, Sanchezen esanetan: "Zure asmoei osoko zuzenketa jartzea da gure hauteskunde programa", esan dio Mariano Rajoyri. Horregatik, bere hautagaitza ezin duela babestu esan dio Sanchezek Rajoyri inbestidura saioko hitzaldian: "Ezin dugu aldatu nahi dugun hura babestu".

"Sinesgarritasunik" ez izatea egotzi dio Rajoyri, eta azken lau urteetan gehiengo absolutua "absolutismoarekin" nahastu duela aurpegiratu dio: "Konpondu baino arazo gehiago sortu dituzu, eta ez duzu elkartasunik izan herritarrekin". Gainera, hitzematen ari dena ezin duela bete ohartarazi dio, eta badakiela: "Gezurretan ari zara". "Lurralde krisia" areagotzea ere aurpegiratu dio.

Hirugarren aldiz Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiten badira Rajoy gobernua osatzeko gai ez delako izango dela ohartarazi dio Sanchezek, eta bozak egiteko data Gabon egunean jarrita xantaia egiten ari dela aurpegiratu dio. Rajoyk, baina, berearekin jarraitu du, eta hirugarren hauteskundeak egitearekin tematuta egotea leporatu dio Sanchezi, erantzuna emateko tartean. Gobernua ez osatzea bere errua dela, "PSOErena ez dakit baina Sanchezena bai, gurekin akordiorik txikiena ere ez duelako egin nahi".

Sanchezi esan dio ulertu duela ez duela bere konfiantzarik izango, baina halakorik ez diola eskatzen gaineratu dio: "Nik ez dizut konfiantza eskatzen, gobernatzen uzteko eskatzen dizut. Izan ezazu ardura pixka bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.