Ipar Osetiako Beslan hiriko eskola batean bahiturik zituzten 32 emakume eta haur titia hartzen duten bi urtetik beherako ume koskorrak askatu zituzten atzo gerrillari independentistek. Tentsioa eta kezka, dena den, handiak dira.Ipar Osetiako Barne ministro Kazbek Dzantieven arabera, orotara 350 gatibu gelditzen dira eraikinaren barruan, eta, tartean, 132 haur daude. Memento batzuk lehenago, ordea, hainbat leherketa entzun ziren ikastetxearen inguruan. Antza, bahitzaileen tiro hotsak ziren. Txetxeniatik soldadu errusiarren erretreta, besteak beste, eskatzen duten gerrillariek ikastetxea bahitu zutenetik hamabi pertsona hil dira, tartean bahitzaile bat.
Ingushetiako presidente ohi Ruslan Autxevekin bildu ondoren hartu zuten gerrillariek hainbat gatibu aske uzteko erabakia. «Negoziazioen aurreneko emaitza da eta itxaropentsu gaude», helarazi zuen Ipar Osetiako Gobernuko bozeramaile Lev Dzugaievek. Bahitzaileak telefonoz jarri ziren harremanetan bitartekariekin. Goizaldeko hiruretan, ordea, elkarrizketak eten ziren. Segurtasun indarrak ikastetxean sartzekotan eraikina eztandaraziko zutela ohartarazi zieten bahitzaileek. Hauek eskaintza guztiak baztertu zituzten, tartean umeak helduengatik trukatzea eta ihes egiteko pasabidea baliatzea. Janaria, ura eta botikak jasotzeko eskaintza ere baztertu egin zuten.Bitartekari lanetan ari den Leonid Roshal medikuak krisi egoerari irtenbide zuzen bat bilatu ezean gerra piz daitekeela ohartarazi zuen: «Amaiera ezkor baten kasuan, eskualde liskartsu honetan herrien arteko gerra pizteko mehatxua dago, eta hori ezin da onartu».Ildo horretan, FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzuek ikastetxera indarrez sartzea baztertu zuten. FSBko buru Valeri Andreieven hitzetan, negoziazio prozesua luzea eta tirabiratsua izango da: «Elkarrizketa ez den beste alternatibarik ez dago». Errusiako presidente Vladimir Putinek «lehentasuna» bahituak askatzea zela eta segurtasun indarrak «helburu horrekin» lanean ari direla zehaztu zuen: «Ipar Osetian gertatzen ari dena ikaragarria da umeak tartean daudelako, eta, halaber, ekintza horrek dagoeneko ahulduta dagoen eskualde horretako etnia ezberdinen arteko oreka eztandarazteko gaitasuna duelako».
'Talde multinazionala'
Errusiako agintarien ahotan, bahitzaile taldea «multinazionala» da,eta tartean osetiarrak, ingushak, txetxeniarrak eta errusiarrak daude. Zerbitzu sekretu errusiarrek zenbait gerrillari«indentifikatuta» dauzkatela jakinarazi zuten.
Hainbat informazio iturriren arabera, berriz, bahitzaileak Salahin Riadus Shahidi taldeko kideak dira, hain zuzen ere, 2002. urtean Moskuko Dubrovka antzokiko bahiketa bere gain hartu zuten talde berekoak Shamil Basaiev gerrillaburu txetxeniarrari dago lotuta taldea.Txetxeniako gerra amaitu bitartean, gatibuen senideei gose greba egiteko eskatu zieten atzo gerrillariek gutun baten bidez Kavkaz Center webgunera iritsi zen eskutitza. Errusiari ekintza militarrak bertan behera uzteko eta genozidioari amaiera jartzeko exijitzen diote bertan. Halaber, Vladimir Putinen dimisioa galdegiten dute. Gatibu dauden pertsonak dagoeneko gose greban daudela ohartarazten da gutunean. Dubrovka antzokian izandako bahiketan antzeko eskaera egin zuten bahitzaileek. Orduan, Kremlinen aurrean manifestatzeko eskaera egin zieten gatibuen senideei.Bien bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak gogor gaitzetsi zuen atzo bahiketa, premiazko bilera egin ondoren. Errusiari sostengua erakutsi eta gatibuak lehenbailehen askatzeko exijitu zuen. Europako Batasunak gatazkari «irtenbide politikoa» bilatu ahal izateko «bere esku dagoen guztia» egingo duela esan zuen.Amnesty Internationalek zibilak eta «bereziki» umeak arma gisa erabili izana salatu eta ekintza «onartezina eta justifikaezina» dela zehaztu zuen.
TXETXENIAKO GATAZKA
«Lehentasuna» bahitutakoak askatzea dela esan du Putinek
Oraingoz indarra erabiltzea baztertu du Moskuk; bahitzaileek barau egiteko eskatu diete gatibuen senideei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu