Lehergailu batek eztanda egin du bart gauean Irlanda iparraldean, Newry herrian, auzitegi baten atarian. Poliziari abisu eman zioten leherketa izan aurretik, eta ez zen zauriturik izan. Hala ere, kalteak eragin ditu auzitegiaren atarian. Oraindik ez du inork hartu bere gain erasoa.
Alderdi politiko guztiek gaitzetsi dute erasoa. Sinn Fein alderdiko ordezkari Conor Murphyren arabera, lehergailua zartarazi dutenek "atzera egin nahi dute, eta Britainiako armada berriro gure kaleetan ikusi". Danny Kennedy unionistaren esanetan, atzerapausoa da erasoa, eta kezkatzekoa da gisa horretako erasoak ugaltzen ari direla. Britainia Handiko Gobernuaren Ipar Irlandarako ordezkari Shaun Woodwardek salatu du gutxiengo oso txikia direla gisa horretako erasoen alde daudenak. "Eta inoiz ez dugu onartuko errepublikar disidente gutxi batzuek bake prozesuaren arrakasta zapuzterik".
Bart gauekoa ez da azken aldian izandako gisa horretako ekintza bakarra. Orain egun asko ez dela, Keady eskualdeko polizia etxe batean lehergailu bat utzi zuten.
MUNDUA
Lehergailu bat zartarazi dute Irlandan, auzitegi baten atarian
Newry herrian izan da eztanda. Kalteak eragin ditu epaitegian, baina inork ez du minik hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu