Lehergailuak bidali dizkiete Obamari, Clintoni eta CNNri

Beste hainbat politikarik ere jaso dituzte halako eskutitzak, posta bidez. CIAko zuzendari ohi Jon Brennanek Donald Trump presidenteari egotzi dio "indarkerian buka daitezkeen sentimenduak elikatu" izana.

AEBetako zerbitzu sekretuetako agenteak, Barack Obama presidente ohiaren etxe inguruak zaintzen. ERIK S. LESSER/EFE
2018ko urriaren 25a
07:49
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi Barack Obamari, haren emazte Michelle Obamari, eta AEBetako presidente ohi Bill Clintoni eta Estatu idazkari ohi Hillary Clintoni lehergailuak bidali zizkieten, posta bidez, AEBetako zerbitzu sekretuek atzo jakinarazi zutenez. Clintonen New Yorkeko etxean, astearte gauean jaso zuten eskutitz horietako bat; Obamaren etxean, berriz, asteazken goizean jaso zuten, Washingtonen. Zerbitzu sekretuen esanetan, une oro arriskutik kanpo egon dira biak.

Agintari politiko horiei bidali zizkietenez gain, beste bonba batzuk bidali zituzten CNN telebista katearen egoitzara, John Brennan CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendari ohiarentzako gutun batean; bonbak garaiz aurkitu zituzten, eta ez ziren lehertu. Floridan, Debbie Wasserman Schultz politikari demokrataren bulegoan ere jaso zuten eskutitz "susmagarri" bat, eta hustu egin behar izan zuten egoitza. Kamala Harris senatariak eta Maxine Waters kongresuko kideak ere jaso dituzte antzeko gutunak.

Iragan astelehenean, George Soros filantropo eta espekulatzaileak bonba bat jaso zuen; hark ere, eskutitz batean.

Trump, CIAko zuzendari ohiaren jo-puntuan

CIAko zuzendari ohi Jon Brennanek, berriz, Donald Trumpi egotzi dio "indarkerian buka daitezkeen sentimenduak elikatu" izana. Marco Rubio senatari errepublikarrak ere bide horretatik jo du: "Patroi politiko bat dago atzean". Trumpek eragindako "krispazio" giroarekin lotu ditu ekintzok. Trumpek, oraingoz, ez du ezer esan, baina gaur adierazpenak egitea espero da.

AEBetako zerbitzu sekretuek azaldu dutenez, "ohiko gainbegiratze prozeduretan" atzeman zituztela pakete susmagarriak. "Irismen handiko ikerketa kriminal handi bat jarriko dugu martxan eskutitzen jatorria eta arduradunak identifikatzeko". Etxe Zuritik ere "gaitzetsi" dituzte erasoak, Sarah Sunders bozeramailearen ahotik. Mike Pence presidenteordeak adierazi du halako ekintzek ez dutela "lekurik" AEBetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.