Atentatuak Turkian

Lehergailuak zartarazi dituzte Istanbulgo bi hoteletan; bi lagun hil dira eta hamabi daude zaurituta

Bi pertsona hil dira eta hamabi zauritu dira Istanbulgo bi hotelen aurka egin dituzten atentatuetan. Zehazki, Star Holiday eta Kar hoteletan leherrazi dituzte bonbak, eta hildakoetako bat turkiarra da eta beste nor eta nongoa den ez dute oraindik argitu. Zauritu gehienak, berriz, turistak dira. Hotel bi horietan ez ezik, Esenyurt barrutiko geltokian ere lehertu da beste bonba bat, baina ez du inor zauritu. Madrilgo martxoaren 11ko atentatuak bere gain hartu zituen taldeak erreibindikatu ditu Istanbulgoak, eta Europako beste hiri batzuetan ere erasoak egingo dituela ohartarazi du.

2004ko abuztuaren 10a
17:45
Entzun
Goizaldeko ordubata eta erdia pasatxo zela zartatu dira lehergailuak Istanbulgo Star Holiday eta Karhoteletan. Ostatu biak turista asko ibiltzen diren guneetan daude: lehendabizikoa Sultanhamet inguruan eta beste Lalelin. Quatargo Al Jazeera telebista kateak zabaldu duenez, Al Kaedarekin lotura duen Abu Hafs Al Masri Brigadak taldeak hartu ditu bere gain erasoak, hau da, Madrilgo sarraskia erreibindikatu zuenak berak. Europako beste hiri batzuetan erasoak egiteko gertu dagoela nabarmendu du, gainera, talde horrek.

Bi hildakoetako bat Haydar Aydar turkiarra dela jakinarazi dute polizia iturriek, baina bestearen nortasuna ez dute argitu oraindik.

Zaurituen artean, berria, gehienak atzerritarrak dira: Alemaniakoak, Txinakoak, Ukrainakoak eta Espainiakoak. Haietako bat bera ere ez dagoela larri nabarmendu dute aipatutako iturriek.

Star Holidayhoteleko enplegatu batek agertu du leherketa jazo baino hamar minutu lehenago norbaitek deitu diela 310 logelan bonba bat jarri duela ohartaraziz.

Iragan ekainaren 24an lau pertsona hil ziren eta 20 zauritu Istanbulgo autobus batean bonba bat lehertu zenean. Egun berean, Hilton hotelari ere eraso zioten, eta hiru lagun zauritu zituzten. NATOk Turkian egin zuen batzarraren bezperako egunetan izan ziren atentatu horiek; Hilton hotelean George Bush AEBetako presidenteak hartu behar zuen ostatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.