mundua

Leherketa bat izan da Frantziako zentral nuklear batean, eta lagun bat hil da

Marcoulen izan da ezbeharra, hondakin erradioaktiboak tratatzeko biltegi batean, herrialdearen hego-ekialdean. Frantziak badaezpada abian jarri du alerta protokoloa. EDF konpainak esan du "istripu industriala" izan dela, "ez istripu nuklearra". 

2011ko irailaren 12a
18:46
Entzun

Leherketa bat izan da gaur eguerdian Frantzian hondakin erradioaktiboak tratatzeko biltegi batean —Marcoulen—, eta lagun bat hil da —Midi Libre-k esan du kiskalita zendu dela—; biltegiko langilea da hildakoa. Beste lau pertsona zaurituta daude; bat, larri.

EDF konpainak adierazi du "istripu industriala" izan dela, "ez istripu nuklearra". Dena dela, informazio askorik ez dago gertatutakoaren gainean. Dirudienez, leherketa hondakinak tratatzeko labeetako batean izan da. Labe horiek hondakinak erre eta horien bolumena murrizteko erabiltzen dituzte.

Leherketa 11:45ean izan da, eta 13:00etarako egoera kontrolatua zeukaten, EDFren arabera. Frantziak badaezpada abian jarri du alerta protokoloa, baina EDFk eta biek esan dute zentraletik kanpo ez duela erradioaktibitate arrastorik ez duela aurkitu. Zenbait hedabidek, ordea, adituen iritziak jaso eta ihes erradioaktibo arriskua badagoela esan dute.

"Giza drama da", aipatu du Eric Besson Frantziako Gobernuko Industria ministroak. Hara joan da Nathalie Kosciusko-Morizet Ingurumen ministroa.

Languedoc-Rousillon eskualdean dago Marcoule, herrialdearen hego-ekialdean. Hangoa da Frantziako zentral nuklear zaharrenetakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.